GARA > Idatzia > Kultura

HAMAIKA TELEBISTA

Hamaika Telebista, etenik gabe koskortuz doan telebista jaioberria

Hamaika langile, hamaika egitasmo eta, batez ere, hamaika ilusio. Hamaika Telebistak urtebete pasatxo darama Bilboko Botika Zaharretik tokiko eta euskarazko telebista eskaintzen. Euskal Herri osora zabaltzen joango den sarearen lehenengo pausoa baino ez da Bizkaikoa. Denbora tarte labur honetan, programa bakar batekin hasitakoa egun osoan emititzera pasatu da, euskaltzale askok sentitzen zuen gabeziari erantzuna emanez.

p034_f01_199x147.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Erdarazko komunikabideak nagusi diren Bilbo gris eta iluna «kolore berdez» argitzera heldu zen 2009ko otsaila aldera telebista txiki bat. Hamaika Telebista euskarazko telebistak eta komunikabideak hedatzeko sortu zen eta, konturatzerako, bilbotarren eta inguruko euskaltzaleen artean bere lekua egitea lortu du. «Argi dago hutsune bat zegoela Bilbon. Inoiz ez da euskal komunikabide askorik egon, tokikoa esan nahi dut. `Bilbo Hiria' irratia hor dago, baina bertako telebista guztiak gaztelaniazkoak dira. Gabezia handia zegoen eta hau aukera polita zela ikusi genuen», azaldu zuen Ane Zabala erredakzio buruak.

Izena berarekin bat eginez, hamaika langile murgildu ziren hasieratik egitasmo berri honetan. Oraindik gogoan dituzte lehenengo hilabete haiek. «Dena denon artean egin genuen. Hemen ikusten den guztia muntatu, dena diseinatu, altzariak jarri... Teknikariak, errealizadore biak, kazetariak taladroa eskuan... Abendutik otsailera arte, aurrera begira zer egin zitekeen aztertzen aritu ginen».

Ordubeteko programazio propioarekin abiatu zen telebista lehenengo hilabetetan, «Bat eta Bat» magazinarekin, hain zuzen, «eta denbora horretan probak egiten joan ginen eta mikro saio txikiak sortzen joan ziren», oroitu zuten.

Pausoz pauso eta etenik gabe, sekulako bultzada eman diote, ordea, egitasmoari. Irailetik hona nabarmen indartu dute barne ekoizpena eta, dagoeneko, astean hamabost orduko programazio propioa eskaintzera iritsi dira. Gainera, tokiko hainbat telebistarekin dituzten akordioei esker, errealitate bihurtu da hasieran finkatutako helburuetako bat: 24 orduz euskaraz emititzen da seinalea.

Garai zailei aurre egiten

Hainbat enpresak sustaturiko egitasmoa da Hamaika Telebista. EKHE (GARA eta «Le Journal»), CMN TV, EKT, Euskaltel, Elkar eta Bainet TV, eta Euskal Herriko tokiko hainbat telebistarekin sare bat osatzen du. Sare horretan dira Goiena (Arrasate), Goierri (Beasain), Erlo (Zarautz), 28 kanala (Tolosa) eta Oizmendi (Gernika).

Sektore guztiak gogor astindu dituen krisi garaian, komunikabide asko ixten ari diren honetan, jaio zen Hamaika Telebista. Oztopo guztiei aurre egin eta telebista «euskaldun, euskaltzale, gertuko, baterakoi, zabal, independente, parte-hartzaile eta aurrerakoia» sortzea zen helburua, eta une hartan zegoen eskaerari erantzuna eman behar zitzaion.

«Erronka oso potoloa zen eta, egia esan, badakigu telebista berria sortu ondorengo lehenengo urteak oso gogorrak izango direla», esan zuen Zabalak. «Krisia ez dago komunikabideetan bakarrik, nahiz eta sektore honetan asko nabaritzen ari den. Baina horretatik irteten bagara, ziur indartuta irtengo garela», gaineratu zuen.

Esan beharra dago hedabide hau abiatu zenean, itxura batean behintzat, ez zirela telebistentzat garairik onenak. Izan ere, hasieratik digitalean emititu du Hamaika Telebistak eta, duela urtebete, etxe gehienek seinale analogikoa bakarrik jasotzen zuten oraindik. «2009ko otsailean nabaritzen genuen Bilbon jende askok oraindik ez zuela LTDrik eta ez zuela Hamaika ikusten. Apirila hasieran izandako itzalaldiarekin, audientzia neurtu ezin dugun arren, nabaritu dugu jende askoz gehiagok ikusten gaituela».

Erantzuna bertatik bertara jaso dute, kalean. Espero zutena baino hobea, gainera. «Oso harrera ona izan dugu. Oso kritikoak gara egiten dugunarekin, badakigu oso gutxi garela eta gauzak beti hobeto egin daitezkeela. Baina jendearen erantzuna ikaragarria izaten ari da, askotan guk geuk ere ez dugu sinisten», esan zuen Zabalak.

Batetik, telebistan bertan parte hartzen duten kolaboratzaileen erantzuna eskertu zuten, «sare zabala lortu dugu zentzu horretan», eta, bestetik, kalean ikusleengandik iritsitako iritzi eta komentarioek harritu dituztela aitortu zuten. «Horrek argi erakusten digu jendeak euskarazko telebista baten beharra ikusten zuela Bilbon».

Aurkezleetako batzuek hartu duten «ospeak» ere harritu ditu bertako langileak. «Ia denok ateratzen gara kamera aurrean, batzuk gehiago, besteak gutxiago, baina aurkezle batzuk kalean ezagutzen dituzte eta horrek asko harritu gaitu. Uste genuen Telecinco eta horrelakoetan bakarrik gertatzen zela hori», esan zuten txantxa artean.

Ekoizpen propioa

«Bat eta bat» magazinarekin abiatu zen Hamaika Telebista eta bera da oraindik kate honetako «programa izarra». Astelehenetik ostiralera, 21.00etatik aurrera Sara Gandarak gidatutako saio honetan lan-talde osoak hartzen du parte. «Unibertsitateko praktikak ETBn egin nituen, baina gero urte batzuetan baztertuta eduki nuen kazetaritza», azaldu zuen Gandarak. Joan den irailean hartu zuen saioaren gidaritza: «Hasieran beldur pixka bat ematen zidan kamera aurrean jartzeak, atzean ibili bainintzen beti, baina Naroak (Iturri), lehengo erredakzio buruak animatu ninduen eta, gehiegi pentsatu gabe, baietz erantzun nion».

Bilbon gertatzen diren eguneroko kontuekin albistegi txiki batekin hasi, eta gero erreportaje bat eskaintzen dute. Horren ostean, elkarrizketa bat egiten dute. «Saiatzen gara denetariko jendea ekartzen eta, egia esan, berrehun saiotik gora egin ditugu eta ez digu inork kale egin», eskertu zuen Zabalak.

«Harrobia» da, agian, kate honetako programarik ikusienetako bat. «Athletic-en inguruan euskaraz egiten den mahai-inguru bakarra da!», diote harro. Asier Aranbarrik aurkezten du eta astelehenero kazetariak, entrenatzaileak, jokalari ohiak... aldatuz joaten dira, asteburuko partida komentatzeko.

Futbola ez beste kirolentzako tartea «Kiroleroak» saioan egiten da asteazkenetan eta anitzak dira gainerako programetan lantzen dituzten gaiak: eskulanak «Eskuokin»-en, moda «Bi fashion»-en, zine estreinaldiak «Travelling»-en, sukaldea «Eltzebero»-n, asteburuari begirako ekintzak «Skapa»-n...

«Kuleetxov efektua» bezalako ekimenak nabarmentzekoak dira. Tarte honetan, pelikula klasikoak bertsio originalean ikusteko aukera paregabea eskaintzen dute, euskarazko azpitituluekin.

Eskarmentua eta segurtasuna

Egitasmoak urtea bete du jadanik, ziztu bizian pasa den urtea, eta atzera begiratuta, balorazio «oso positiboa» egiten dute guztiek. «Oraindik asko dago egiteke, baina oso gustura gaude orain artekoarekin». Lan-taldea ere finkatuz eta eskarmentua hartzen joan da. «Batzuk telebistan ibilitakoak ziren, besteak ez; orain lan-taldea askoz indartuagoa dago, nahiz eta pertsona berberek jarraitzen dugun. Esperientzia honen ostean badakigu zein hanka sartze egin ditugun, zer hobetu daitekeen, nondik jo dezakegun eta hemendik aurrera zer egin nahi dugun».

Hamaika Telebistaren izenak ere gero eta sona handiagoa dauka gizartean eta langileek nabaritu dute hori kalean. «Kazetari moduan, orain azalpen gutxiago eman behar ditugula ohartzen naiz Hamaika bezala aurkezten garenean». Apurka, Euskal Herrirantz zabaldu beharko dute orain izen hori. Saio batzuk tokikoagoak izango dira, baina beste gauza asko ez. «Horrekin jolastuko dugu, tokiko gauza batzuk bilbotarrentzako egiten eta beste gauza asko euskaldun guztientzako egiten».

ERRONKA

«Krisiak ez du komunikabideen sektorea soilik erasan, nahiz eta sektore honetan asko nabaritzen ari den. Baina horretatik irteten bagara, ziur indartuta irtengo garela».

Hamaikaren seinalea Donostialdera iritsi da, lurreko telebista digitalaren bidez

Joan den otsailean lehenengo urteurrena ospatu zuen Hamaika Telebistak, Bilbon lehenengo emisioa egin zuenetik. Hamabi hilabete horietan Bilbora eta inguruetara iritsi da euskarazko telebista horren seinalea (Euskaltel bidez Araban eta Gipuzkoan ikus zitekeen lehenagotik 911. katean) eta, oraindik gaztea bada ere, heldutasuneranzko bidean da. Bilbotik Donostiarako jauzia egin du dagoeneko eta, horretarako, bere seinalea Gipuzkoako hiriburura eta bertako hainbat eskualdetara zabaldu du, LTDko (lurreko telebista digitala) 23. katean ikus daitekeelarik. Horrela, Donostian ez ezik, Zarautzen, Tolosan, Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Urnietan, Lasarten eta Usurbilen ikus daiteke Hamaika Telebista. Hasierako emanaldiak, ordea, Bilboko Hamaika Telebistan ikusten diren berberak izango dira, eta uda partean Donostialdeko lehenengo saioekin hastea aurreikusten dute, baita seinale osoa Gipuzkoako barruti osoan zabaldu ahal izatea ere.

Atzo Donostian egin zuen Hamaikak bere zabalkundearen berri emateko ekitaldia. Bertan izan ziren, besteak beste, Josu Juaristi eta Martxelo Otamendi, GARA eta «Berria» egunkarietako zuzendariak, hurrenez hurren, Gorka Altuna EKHEko ordezkaria eta Juan Mari Larrarte EKTkoa; baita Mikel Astarloza txirrindularia, Maialen Lujanbio bertsolaria, Aizpea Goenaga aktore eta zinema zuzendaria, Igor Zalakain sukaldaria, Mikel Aranburu Realeko jokalaria, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua, Jon Maia dantzaria eta beste hamaika ordezkari ere. Naroa Iturri, Donostialdeko zuzendariak agertu zuenez, «orain hiru urte sortu zenean bezala, gaur egungo helburuak ere berberak izaten jarraitzen dute; euskarazko telebista hedatzea, era berean tokikoa, anitza eta parte hartzailea izango dena».

Jon Maia eta Nagore Indakoetxea dantzariek irekitako ekitaldian, Hamaika Telebistak eskaintzen dituen aukerak ezagutarazi zituzten eta Donostialdean ere orain arteko ereduarekin jarraituko dutela berretsi.

Ekitaldiaren amaieran, Juan Mari Larrartek hartu zuen hitza Hamaika Telebista osatzen duten sei bazkideen izenean (GARA, «Berria», «Deia», Elkar, Euskaltel eta Bainet). «Garbi izan genuen hasieratik Bilbotik hasi behar genuela», esan zuen eta, horrela, «Hamaika Bilbo Telebista jarri genuen martxan, euskaraz gain, tokikotasuna eta parte hartzea izan direlarik bere nortasun ezaugarri nagusiak». Hamaikaren oinarria bera «koloretsua eta anitz» dela baieztatu zuen, eta Donostialdeko telebistak izaera berbera izatea nahi dutela berretsi. Hori dela eta, eskualde bakoitzean bertako eragileak dituzte bazkide, Bilbon, esaterako, AEK, ikastolak, konpartsak, Ibaizabal Elkartea, beste hainbat elkarte eta ia 400 norbanakok bat egin zuten egitasmo horrekin.

Hamaika Bilbo Telebistarekin, «Bilboko euskaldunen unibertsoa lur gainera» azaleratu dutela adierazi zuen eta «erakutsi digu, eskubideaz gain, euskaldunok gogoa eta beharra dugula euskaraz komunikatzeko, Tolosan bezala Bilbon, eta Bilbon bezala Gasteizen eta Iruñean». Bere iritziz, «gogoa eta beharra dugu euskaldunok gure historia eta istorioa elkarri komunikatzeko eta gure komunikazio sarea osatzeko, paperetik sarera, uhinetik kablera, eta analogikotik digitalera». A.K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo