GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mikel Otegi Hernanin Zero Zabor taldeko kidea

Gipuzkoako politikariok: kontuz zaborrarekin!

Komunikabide nagusiek hala erabakita, gipuzkoar askok horren berri izan ez badute ere, martxoaren 26, 27 eta 28an egin ditugu Hernani, Oiartzun, Urnieta eta Usurbilen «Atez ateko bilketa, zero zaborrerako bidean» jardunaldiak, bertako herritar boluntarioek antolatuta, diru gutxirekin eta informazio gose handiz. Roberto Cavallo Europako ingurumen arloko aditu ezagunaz gain, Italiatik Rossano Ercolini etorri zen, Capannori hirian eta Lucca eskualdean eraiki nahi zituzten hiru errauste plantak geldiarazteko kanpainetatik ezaguna eta Europan Zero Rifiutti edo Zero Waste (Zero Zabor) proiektuetan aitzindari dena.

Kataluniatik teknikari bat etorri zen, Ignasi Puig, lehendik Gipuzkoan eta Donostian ingurumeneko proiektuak eginak dituena. Bestetik, bi kargudun politiko azaldu ziren. Assumpta Boba Caballe, Argentonako zinegotzia, Tots per Argentona zerrenda independentekoa. Josep Maria Tost Borras Riudecanyesko alkatea da, Convergencia i Uniokoa eta aurreko legealdian Tarragonako Diputazioan ingurumeneko diputatu izana da. Associacio de Municipis Catalans per a la Recollida Porta a Porta (AMCRPP) elkartean, Tost lehendakaria da, eta Boba zuzendaritzakoa. AMCRPPren zuzendaritzan badira CiUko alkateak, PSCkoak, ERCkoak, Iniciativakoak eta independenteak; denetik, salbu eta PPkoak.

Hain zuzen, Tost jaunak esan zituenak baliatu nahi ditugu hemen, Gipuzkoako politikariei erantzukizun handiagoz joka dezaten eskatzeko. Onena Katalunian edo Italian atez atekoa egiten duten hirietako agintariei galdetzea lukete, haietan bai baitira kolore politiko guztietakoak, ezkerrekoak bezala eskuinekoak. Baina, bestela, Usurbilen martxan dagoen eta laster Hernanin eta Oiartzunen abiatuko den atez ateko bilketa sistemaz hitz bat gehiago esan edo idatzi aurretik, edozein politikari gipuzkoarrek entzun behar lituzke Josep Maria Tosten hitzak. Hernanin Zero Zabor taldearen blogean dauka (http://zerozabor.ning.com/) Tosten 25 minutuko hitzaldia, eta lagungarritzat erabili zituen irudi eta grafikoak ere bai.

Italian zortzi milioi herritar bizi dira hondakinak atez ate kudeatuz, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo sistema berarekin; eta Katalunian, laster, 400.000 izango dira. Esperientzia luzea dauka sistema honek, abantailak frogatuta daude, emaitzak administrazio publikoek ziurtatu dituzte mundu osoan, erakutsi dutelako onena dela etxeetako hondakinak aprobetxatzeko, eta, are garrantzizkoagoa dena, herritarrek hondakin gutxiago sortzea eragiten duelako.

Zer dela-eta Gipuzkoan horrelako intoxikazio kanpaina horren kontra? Atez ateko sistemaren eta, oro har, hondakinen kudeaketa hobe baten alde ari garen herritar boluntariook ulertzen ditugu herritar askoren kezkak edo beldurrak, gehienetan sistema hau ez ezagutzeak sortuak. Baina jasanezinak egiten zaizkigu Gipuzkoako politikari eta kargudun hautatu askok egunero esaten dituztenak. Atez atekoak osasun arauak ez dituela betetzen, jabego pribatuari erasotzen diola, emaitzak gezurrezkoak direla, hondakinen esklabo bihurtu nahi gaituztela, desastre bat dela, estetikoki zikina dela, legearen kontrakoa dela...

Nahiago genuke pentsatu atez atekoaren kontra hitz egiten eta idazten ikusten ditugun politikariak gehiago ari direla ezjakintasunetik enpresa handiekin hitzartutako konpromisoen truke baino. Horregatik gomendatzen diegu hobeto aztertzea zer den atez ateko bilketa sistema, Katalunian, Italian eta munduan, aurrerantzean jakinaren gainean hitz egin dezaten, eta egun batean -hemeroteketan geratuko dira hilabeteotan esan eta idatzitakoak- lotsagarri gera ez daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo