GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez Filosofian lizentziadunak

Pluralismoaren gatibu

Herri hau atzeratua izango da. Ez-ilustratua. Agian sasi-ilustrazio hegemoniko espainiar eta Ilustrazio berdinzale jakobino frantses horietatik igaro baino nahiago duelako atzeratua eta ez- ilustratua izana

Euskal Herria Europan atzeratuta gelditu den herria omen da. Ez dugu Ilustraziorik pasa, ez dugu arrazionalismoaren argia izan. Irrazionalak omen gara: basatiak, biolentoak, abertzale hertsiak, zoroak, animaliengandik gertuagokoak, erradikalak... Hitz bitan: herri zein indibiduo gisa atzeratuak gara. Arazoari konponbide erraz bezain azkarra aurkitu ohi diote beti batzuek (orain lehen bezalaxe): hezkuntza, heziketa. Herri hau eta bertako jendea hezi eta hazi egin behar da, bere adin-txikitasunetik atera(razi) nahi dute batzuek. Horrela, moderazioa (erradikaltasunaren aurka), pluralismoa (abertzaletasun hertsiaren aurka) eta elkarrekiko errespetua (biolentziaren aurka) irakasteko edo predikatzeko misioa hartu dute batzuek gurean. Kulturizatu eta zibilizatu.

Ez da kontu berria, aspaldiko dilema baizik: espainiar (inperioaren) zibilizazioan sartzen zarete edo euskal tribu atzeratuan geratuko zarete. Haren atzean, ordea, oraindik dialektika krudelago bat ezkutatzen delarik: gu, espainolak, Zibilizazio, Kultura eta Historia Unibertsalaren parte garen heinean, euskal leinua osatzen duzuen animalia horiei, eskua luzatu eta gurekin bat egiteko aukera ematen dizuegu, bestela, geure aurrerabidearen makinak aurretik eramango zaituzte. Eta guztien onerako den heinean, gizadi osoaren plan orokorra betetzera datorren heinean, beraren hatzaparretan, baitan, eroriko zarete, nahi eta nahi ez. Historiaren arrazoia: iraganean arrazoi daukagu, etorkizunean ere arrazoi izango dugu. Hau da, espainiar zibilizazioak (inperialak) bere batasunaren arrazoia errege godoengan aurkitu izan ohi du (Errekonkista delakoa ideia esentzial espainolaren konkista eta inposaketa baino ez zen izan; era berean, XIX. mendeko -kontra eta anti- iraultza liberal loriatsua ideia horretan funtsatu zen eta ez ideia liberal frantses iraultzaileetan) eta etorkizunean ere batasun unibertsalean aurkituko du bere funtsa (bera kultura eta zibilizazio unibertsalaren ordezkaritza den heinean, hori esateko eta egiteko aukera duelarik).

Historiaren ikuspegi esentzialista hori euskal tribuaren diskurtsoan txertatuta egon izan den arren, poliki-poliki hasi da erortzen, apurtzen, puskailetan suntsitzen. Eta emeki hasi da konturatzen tribu atzeratu hau ez duela Ilustrazio hori (frantsesa eta espainola izan dena) bizi eta igaro nahi: aurrerabidean sartu ez izanak abantaila batzuk izan behar zituela konturatu ere bai. Gizakiaren eta gizadiaren esentziaren defendatzaile sutsuak izan diren inperio horiek jantzi berriak behar dituzte orain tribuko indigenak konbentzitzeko (beren maizter egiteko). Badakigu aurrerabideak eta zientziak natura giza probetxurako eraldatu eta gizakiaren prozesu oro erraztu -ekonomizatu- egiten dituela eta, ondorioz, konbentzitzeko era eta tresna horiek ere perfekziorantz garatzen lagundu duela. Gerra tresnetan egiten duen bezalatsu, kontzeptuen esparruan ere egin izan du lan hori. Horrela kontzeptu berri batzuk sortu eta aplikatzen saiatu da (bai Ilustrazio frantsesa zein sasi-ilustrazio espainiarra). Beste modu batez esateko: gerra tresnez lortu dutena kontzeptuen bidez, guda ideologikoaren bidez mantentzen saiatzera igaro dira.

Hala asmatu digute «pluralismoa». Duela ez horrenbeste «tolerantzia» deitu izan den kontzeptu bera. Hala ere, ezbairik gabe, janzkera ponpoxoaren atzean honako jarrera biolentoa ezkutatzen da: guk (egiazale ilustratu demokratok) arrazoia daukagu (Arrazoia daukagu); zuek (sasitar leinutar atzeratuak) isildu, kikildu eta gurera makurtu behar duzue, gauzak dauden bezala ondo baitaude. Gizartea plurala omen da. Indibiduo ilustratu modernoak pluralak dira. Baina paradoxa: euskal tribu konkistatuaren leinutarrak pluralak dira oso -lau kultura (hizkuntza) izan (menperatu) ditzakete- baina munduko hiritar espainiar unibertsal irekiak, oro har, kultura bakarra edo bi baino ez dauzka (euskalduna ez, bederen). Gehiago esan daiteke: ez du ahaleginik egin konkistatu dituen eremuetako kulturak ulertzeko (are gutxiago bere egiteko). Eta, ondorioz, de facto, benetan plurala eta anitza dena leinuetako biztanlea da (oro har, pluralago eta anitzagoa beti izango da). Hain zuzen, plurala izatera makurtu dadin eskatzen zaion hori da pluralena. Basatia, hertsia, aurremodernoa, atzeratua... den horrek moderazioa, errespetua eta pluraltasuna hartu ditu bere gain. Onartu du Historia Unibertsalaren gurpilean sartzeko ordaindu beharreko bidesaria -fisikoa zein kontzeptuala-. Eta ikusi eta jasan behar izan du moderazioa bere buruaren defentsari uko egitea bihurtu izana, elkarrekiko errespetua konkistatzailearenganako errespetua bihurtu izana eta pluraltasuna metropolitik zetorkion dena (kultura, politika...) irentsi behar izatea.

Herri hau atzeratua izango da. Ez-ilustratua. Agian sasi-ilustrazio hegemoniko espainiar eta Ilustrazio berdinzale jakobino frantses horietatik igaro baino nahiago duelako atzeratua eta ez-ilustratua izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo