GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoa osoan baino 16 aldiz organiko gehiago bereizi dute Usurbilen

Hondakin organikoen edukiontzia jarri duten herrietan, biztanleen %12,5ek soilik erabili dutela esan zuen atzo Imanol Azpirozek, eta birziklatzea maximizatu nahi bada, organikoa %100 bereizi behar dela.

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa erakundeak 2010eko lehen hiruhilekoan bildutako atez ateko bilketari buruzko datu kuantitatibo eta ekonomikoak aurkeztu zituzten atzo Sanmarko Mankomunitateko lehendakari Ricardo Ortegak eta lehendakariorde Imanol Azpirozek eta Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok.

Imanol Azpirozek azaldu zuenez, birziklatzea maximizatu nahi bada, «derrigorrezkoa» da materia organikoa %100ean birziklatzea. Horregatik, datuak esku artean zituztela, bost edukiontzien sistemarekin biztanleen «gehiengoak lehen bezala» jarraitzen duela azaldu zuten. Horren erakusgarri da, bosgarren edukiontzia jarri duten herrietan ¯Donostia (Amara), Aretxabaleta, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz eta Zumaia¯ batez beste %12,5ek hartu duela parte.

Errekondok azaldu zuenez, Usurbilen herritarrek eta komertzioek hasi zuten atez atekoa eta gaur egun enpresa guztietan eta Urbil merkataritza gunean ere ezarria dago sistema. Horrela, 2010eko martxoan 77.500 kilo organiko bildu dituzte 5.919 biztanleko herri honetan, norberak etxean konpostatzen duena kontuan hartu gabe. Bestalde, Amaran (24.805 biztanle) 25.259 kilo jaso dituzte, baina Azpeitian (14.054 biztanle) 8.726 kilo. Kontuan hartzekoa da, gainera, Aretxabaletan, Usurbilen pareko biztanle kopurua izanda, soilik 5.875 kilo organiko jaso direla.

Sistema merkeena

Beste behin ere, Errekondok atez ateko bilketa 5. edukiontziaren sistemarekin aldean merkeagoa dela azaldu zuen. Usurbilgo datu ekonomikoek atez atekoak 173.171 euroko defizita duela erakusten dute, baina Usurbilen 5. edukiontzia jarriko balitz, 339.835 eurokoa izango litzateke, ia bikoitza.

Bestalde, Azpirozek bost edukiontzi dituzten herrietan kamioiek «airea» biltzen dutela azaldu zuen. Izan ere, Zarautzen, esaterako, 600 kilo jaso ditzakeen edukiontzietan, soilik 19 kilo jaso dira batez beste, edukiontziaren %3. Gehien Amaran bete dira; 46kilo (%7).

Bosgarren edukiontziaren sistema Gipuzkoa osora zabaldu nahi den honetan, Azpirozek hori ez dela birziklatzea esan zuen, «makillatzea» baizik. Goierrin kasu, Sasieta Mankomunitateak aurreko astean bosgarren edukiontzia jartzeko asmoa agertu zuen. Zazpi herritako alkateek eta 15 herritako 62 zinegotzik atez ateko aukera aztertzeko eskatu zuten. Oiartzunen, berriz, astelehenean hasiko dira atez atekorako ontziak banatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo