GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Periodista

Parlamentuak

Eijafallajökullek zupada luzea eginda, Europako zeruan erretzeko debekua indarrean jarri baino lehen, haraxe bota zuen ke-ahokada ikaragarria. Astebete geroago, errautsen azpian, Estrasburgon, hain zuzen, Europako Parlamentuak gai-zerrenda garrantzitsua zuen, inoiz gai zerrenda garrantzitsurik izan badu, inoizko parte-hartzerik txikienarekin, baina hori ez da oztopo izaten funtsezko ezer ez erabakitzeko.

Halere, ez da irudi hori eskaini duen parlamentu bakarra izan. Areago, ohituta gaude parlamentaririk gabeko parlamentuak ikusten, Taiwangoa salbu, hark bilera jendetsu eta, batez ere, liskartsuak erakusten dizkigu eta.

Munduko parlamentuak mukuru bete ziren, esaterako, Irailaren 11ko atentatua gaitzesteko. NBEk bere ebazpenen berri jakinarazi zuenean, niri beste nonbait entzun uste izan nuen elkarrizketa etorri zitzaidan gogora:

-Afganistanen gerra piztu zuten ia.

-Biok edango degu nahi degun guztia

(Urte eta erdi geroago, Irakeko inbasioa abiatutakoan, gauza bertsua entzun nion CEOE espainiar enpresaburuen erakundeko bigarren arduradunari, jendaurrean eta errima kaskarragoan baina, Estatu espainolak balentria hartan parte hartu zuenez gero: «Lasai, denontzat egongo da»).

Gauza ona, inondik ere, parlamentua. Katalunian, esate baterako, parlamentarien %90ek onartu zuten Estatut berria, bi alderdik «eskuilatu» ondoren, hamar bat gizon-emakume jakintsuren erabakiaren zain dago.

Herenegun Gasteizko Parlamentuak zenbait ondarroarrek jasandako torturak salatzeagatik haien abokatuari kereila jartzeko eskatu zion Rodolfo Aresi. Tortura salaketak ikertzeko modu bitxia, baina, tira, ona da parlamentu bat originala izatea.

Lagin bakan hauek erakutsi digutenez, parlamentuak herritarren bizikidetza antolatzeko tresnarik onena dira. Beti ere behartsuenen alde eta guztien eskubideak errespetatzearen alde egingo duten instituzioak dira eta.

Eta, hala ere, ez dakit zergatik dabilkidan buruan nonbait entzun uste izan dudan beste elkarrizketatxo hau:

-Etzaitut nik utziko desanparatuta

-Basta ederragatik asto dük astua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo