Floren Aoiz www.elomendia.com
Adokinen azpian poltronak zeuden?
Agian, Batzarrekoek ez dakite Nafarroako Parlamentuan bozkatu duten legea Aznar, Blair eta Bushen filosofiaren bertako bertsioa dela
Maoren «Liburu gorria»tik pentsamendu bakarraren iruzurretara. Atzean gelditzen dira oihanetako gerrillarien irudiak edo herri gerraren inguruko hausnarketak. Adokinen azpian hondartza ez, parlamentuko poltronak aurkitu dituzte. Che Guevara goraipatzen zuten, orain, berriz, kapitalismoaren defendatzaile guziekin batera, «askatasun demokratikoak» eskatzen dituzte Kubarako.
Garai batean, «indarkeria iraultzailea» txalotzen zuten; gaur, 1936ko faxisten ondorengo politikoekin batera, «terrorismoa» gaitzesten dute. Baina, kasu, zer da terrorismoa? Espainiar poliziek terrorismotzat jotzen dutena. Horrela dio Nafarroako Parlamentuan Joseba Ezeolazaren bozaz onartu den legeak.
Carrero Blanco faxisten militarburuak eta diktaduraren Poliziak terrorismoaren biktimak dira; klandestinitatean diktaduraren kontra oldartu ziren euskal militanteak, terroristak. Jakina, segituan argituko digute Batzarrekoek ez dutela hori uste, baina onartu duten legean 1960. urtea jartzen da aipatu «terrorismo»-aren abiapuntu gisa. Hau da, Batzarreren ustez, Francoren diktaduraren kontrako jarduera armatua terrorismoa zen.
Agian, Batzarrekoek ez dakite Nazio Batuek faxistatzat jo zutela Francoren estatua. Agian, ez dakite Hitler eta Mussoliniren laguntzaz eraikitako sistema izan zela. Agian, ez dakite heriotza kate erraldoia eragin zuela, milioika pertsonaren tragedia ekarri zuela. Agian, ez dakite frankismo zital horrek inposatu zuela trantsizio eredua, eta Francok berak izendatu zuela Juan Carlos borboia. Agian, ez dakite diktadurako Segurtasun Indarrak, Armada eta epaileak ez zirela inoiz ere baztertu, eta egun batetik bestera estatu faxista demokrata bilakatu zela.
Menturaz, ez dakite UPN kolpea eman eta diktadura kudeatu zutenen kapital politikoa gordetzen duen alderdia dela. Beharbada, ez dakite Nafarroan PSOE eta UGTkoek saboteatu zituztela fusilatuen oroitzapena berreskuratzeko lehen saioak. Agian ez dakite zer gertatu zen Iurramendin, Tuteran, 1978ko sanferminetan. Akaso, ez dakite deus torturaz, eta oro har Estatuaren terrorismoaz. Agian ez dakite badagoela Jon Anza izeneko pertsona bat hilik agertu dena, edo azken atxilotuek tratu txarrak eta sexu umilazioak salatu dituztela. Agian, ez dakite boza emateko eskubidea mugatuta dagoela. Alderdiak ilegalizatzen direla, politikariak preso sartzen dituztela ideia batzuk defendatzeagatik.
Agian, ez dakite terrorismoaren kontrako borroka dela inperioak eta inperioaren aliatu guztiek aldaketa sozialari aurre egiteko erabiltzen duten estrategiaren aitzakia. Agian, ez dakite Nafarroako Parlamentuan bozkatu duten legea Aznar, Blair eta Bushen filosofiaren bertako bertsioa dela. Agian, ez dakite UPN eta PSOE neurriak hartzen ari direla aldaketa politikoa, erabakitzeko askatasuna eta bakea ekartzen ahal dituen prozesua oztopatzeko. Agian, ez dakite lege hori horretarako egin dutela, etorkizuna kateatzeko, hots.
Agian, ez dakite deus honetaz guztiaz. Hobe horrela. Bestela, hau guztia jakinik, egin dutena eginda, zer pentsatu beharko genuke haietaz?