GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Nahi ez zuen finala jokatuz amaituko du Liga Avironek

Zuri-urdinak Montaubanen arituko dira 16.25etik aurrera. Berdinketa nahikoa lukete mailari eusteko.

p035_f01.jpg

Jon LEUNDA

Denboraldiko azken partida eta sasoiko garrantzitsuena izango da gaur Avironek Montaubanen zelaian 16.25etik aurrera jokatuko duena. Bien artean erabakiko da zein jaitsiko den eta zeinek jarraituko duen maila nagusian.

Une honetan Montauban dago jaitsierako postuan, eta Aviron kanpo dago, frantziarrak baino bi puntu gehiagorekin. Beraz, gaur berdinketak ere balio dio talde lapurtarrari, baina emaitza hori gutxitan gertatzen da errugbian, beraz, garaipenaren bila joan beharko du.

Neurketa honi begiratuta, zaleak alderdi onen bila dabiltza eta dezente topatu dituzte. Alde batetik, Montauban presio handiarekin joango da. Joan den astean etxean jokatu eta mailari eusteko aukera aparta galdu zuen aurkari zuzen baten aurka galduta, baina Montpellierrek irabazi zuen, eta haiek lortu zuten salbazioa.

Gainera, Gajan entrenatzaile dela, partidarik gehienak irabazi egin dituzte, eta denboraldi amaiera honetara euskaldunak hobeto heldu dira. Azkenik, entseguak lortzeko garaian talde zuri-urdina Top 14ko laugarren onena da 47 entsegurekin, eta Montauban, berriz, txarrenetakoa.

Alde kezkagarriak ere baditu, ordea. Alde batetik, Montauban etxean arituko da, eta horrelako partida batean beti da komenigarria zaleen babesa izatea. Halere, zale lapurtarrak gehien kezkatzen dituena Avironek etxetik kanpo lortu dituen emaitza txarrak dira. Horixe da denen kezka nagusia, eta gaur galduz gero, hurrengo denboraldian Pro 2 Mailan jokatu beharko luke.

Gaur gertatzen dena gertatzen dela, ezingo da ezkutatu zuri-urdinek egin duten denboraldi kaskarra, hasierako asmoak handiagoak baitziren. Hori baieztatzeko, aulkira begiratzea besterik ez dago, Gajan aurtengo hirugarren entrenatzailea baita, eta hori ez da seinale ona.

Ordu berean Biarritzek Clermont hartuko du Agileran. Zuri-gorriek ez dute ezer jokoan, eta datorren igandeko Heineken Kopako finalerdia buruan dutela arituko dira, Liga negargarri bati amaiera emateko. Clermontek, berriz, finalerdietan sartzeko txartela izango du jokoan Agilera estadioan.

Biarritz

Jokoan ezer ez duela amaituko du Liga talde zuri-gorriak. 16.25etik aurrera Clermont hartuko du, eta frantziarrek irabaztea derrigorrezkoa dute, finalerdietan izan nahi badute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo