GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hernanin egingo diren Emakume Gazteen Topaketetan parte hartzera dei egin du Jaikik

p015_f03_123x321.jpg

Oihana LLORENTE | DONOSTIA

Patriarkatuari «hortzak erakustsi» eta egoerari aurre egiteko tresnak sortzeko, «Kuleroak burura eta salto mundura» lelopean Euskal Herriko Emakume Gazteen III. Jardunaldiak egingo dituzte maiatzaren 7tik 9ra Hernanin.

Feminismora gerturatzeko eta festarako aukera eskainiko duten topaketa hauek aurkeztu zituzten atzo Donostian, bai eta bertaratzeko gonbita zabaldu ere. Azaldu zutenez, parte hartu nahi duten neska gazteek www.gaztefeministak.blogspot.com helbidean izena eman eta bertan aurkituko duten kontu korrontean 25 euro sartu beharko dituzte.

Duela bi urte abiatu zen Jaiki ekimena Portugaleten egindako IV. Jardunaldi Feministen barruan, «emakume gazteek patriarkatuaren aurrean zer esan eta zer egin handia» zutela oharturik.

Lehenengo hitzordu hura prestakuntzari eta kontzientziazioari dagokienez, emankorra izan zela nabarmendu zuten atzo; alta, orain, bi urteren buruan, beste pauso bat emateko garaia dela iritzita, topaketak antolatu dituzte.

Maiatzaren 7an 17.00etan hasiko dira jardunaldiok eta igande arratsaldera bitarte hamaika eztabaida egin ahal izango dituzte emakume gazteek. Autodefentsa feminista eta indarkeria, identitateak edo harreman ereduak izango dira ezbaian.

Horrez gain, larunbatean, arratsaldeko zortzi eta erdietan, manifestaldia egingo dute Hernanin eta, horren ostean, ekitaldia izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo