GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Inoiz baino beharrezkoagoa du Herri Urratsek guztion sostengua», esan du Seaskak

Maiatzaren 9an izanen da Herri Urrats Senperen. Krisia eta EAEko Gobernuak diru-laguntzak murriztu dituela-eta, ikastolen beharrak asetzeko zailtasunak areagotu egin dira.
herri_urrats101.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Euskara mihian, irria begian» izanen da maiatzaren 9an Senperen izanen den Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen bestaren lelo nagusia. Hitzordu nagusi horretarako, aurten «sekula baino gehiago, Seaskaren ikastolen garapenerako proiektua laguntzeko, denen sostengua» behar dutela adierazi zuten Seaskako ordezkariek. Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak argitu zuenez, urtero ikastoletan berrehun ikasle gehiago sartzen dira.

«Haur horientzat guztientzat eraikinak behar ditugu, eta, horretarako dirua Herri Urratsen bidez lortzen dugu», esan zuen. Izan ere, 2010. urte honetan, krisia eta gobernu aldaketa dela-medio, Lakuako Gobernuak orain artean emandako diru-laguntza «garrantzitsua» desagertzekotan dago. Horren ondorioz, Ur Gorostiagak esan zuen bezala, «itsasontzi azkar bakarra Herri Urrats dugu» eta dei berezi bat zabaldu zuen euskararen alde diren guztiei Senperera hurbiltzeko. Aurtengo bestaren irabaziak, Lekorne eta Itsasuko ikastolak eraikitzeko baliatuko dira.

Animazio ugari

Aurten gai bat aukeratu dute animazioen ardatz nagusitzat. Hartara, Pirinioetako herrien kultura ezagutzeko parada izanen da. Araba gunean, goizeko hamarretan, Aire Nou de Dao-tik (katalanak) 180 lagun helduko dira, eta castell bat eginez abiatuko dute eguna. Gune berean Okzitaniatik eta Biarnotik etorritako taldeak arituko dira egunean zehar.

Gipuzkoa gunean, berriz, dantza izanen da nagusi, besteak beste, KSI Bardozeko taldea, Dantzaz konpainia eta capoeira dantzaren erakustaldia ikusi ahal izanen dira. Musikak ere toki berezia izanen du. Jean Mixel Bedaxagar, Mikel hats, Sorotan Babies, Zea Mays, Anari eta Bizardunak musikariek girotuko dute besta. Haurrentzako animazioak antolatu dituzte txikien gozamenerako Zuberoa gunean.

Seaskako arduradunek Herri Urrats sortu zenetik ikastolen aldeko ibilaldi bat zela gogorarazi zuten. Hurbilduko diren guztiek kilometroa eros dezakete eta horren truke zozketarako txartel bat jasoko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo