GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Gorostidi Harria

Ostolatza eta Irigoien izango dira saioko izar nagusiak

Telleria anaiak eta Josetxo Urrutia pisu txikian neurtuko dira berriz ere.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Gorostidi Harria txapelketa bihar jokatuko da Adunan 18.00etatik aurrera. Aurtengoa, ordea, berezia izango da. Jaialdi honetan aizkoran zen aritzekoa Joxemari Mendizabal, baina tamalez Joxemari ez da han izango eta azkena izango ez den lehendabiziko omenaldia jasoko du.

Mendizabal aizkoran aritzekoa zen Olasagastiren aurka, martxoaren amierako apustuaren errebantxa moduan, nahiz eta lana laburragoa izango zen. Adunako aizkolaria, ordea, joan zen gure artetik, eta bere ordez Azurmendi arituko da igeldoarraren aurka.

Jaialdian, ordea, harri-jasotzeak izango du protagonismo nagusia, eta aurten bi lehiaketa jokatuko dira, gainera. Bi harri egongo dira plazan, eta bi txapelketa ezberdin jokatuko dira. Alde batetik, 150 kiloko zilindro zaharra egongo da, eta harekin, 80 kilo baino gutxiago pisatzen duten kirolariak bi eskuekin arituko dira lanean, bost minutuko txanda bakar batean, eta, bestetik, harri berarekin, 80 kilotik gorako kirolariak arituko dira, eta hauek esku bakarrarekin aritu beharko dute, hauek ere bost minutuko txandan.

Telleria II.a, Telleria III.a eta Urrutia neurtuko dira 80 kilotik beherako lehiaketa horretan, eta, aurrez aipatu bezala, bi eskuekin arituko dira 150 kiloko zilindro zaharrari ahalik eta jasoaldirik gehien ematen. Horretarako bost minutuko txanda bakar bat izango dute. Hori bai, horietakoren batek esku bakar batekin jasotzeko ahalegina egin, eta lortuko balu, sari berezi bat ere eramango luke. Hemen faboritoak aipatzea zaila da, hirurak ere maila berekoak baitira.

80 kilotik gorakoetan, berriz, Aimar Irigoien eta Joseba Ostolatza neurtuko dira, eta hauek ere bost minutuan ahalik eta jasoaldiren gehien ematea izango dute helburu nagusia. Aimar Irigoien izango da horretan faborito nagusia. Errezildarra sasoi bikainean dago, eta garaipena erdiesteko faboritoa da, nahiz eta Ostolatza ere saiatuko den bera estu eta larri hartzen.

Jaialdia, ordea, ez da hor amaitzen. Lehiaketa hau 185 kiloko zilindro zaharrarekin hasi zen, baina iaz ez zuen arrakastarik izan, eta aurten aldatzea erabaki dute. Gorostidik 185 kiloko zilindro zaharrarekin marka ezarri zuen, eta esku bakar batekin, gainera, berak 77 kilo zituela. Lehiaketa horrekin hasi zen txapelketa, nahiz eta aurten 150 kilokoa erabiliko duten. Hala ere, beste harria ere plazan egongo da, eta norbaitek esku bakar batekin jasoaldiren bat ematen badio, sari berezia jasota joango da etxera.

Ikuskizuna handia izango da beraz, Adunan, eta beroa ere bai, guztiek Mendizabal buruan dutela jokatuko baitute eta berari omenaldia eskainiz, gainera. Sarrera, berriz, doakoa izango da, eta saioan zehar otartxoa pasako dute nahi duenak dirua bota dezan.

Paskualtxo

Herri-kirol munduan ospetsua izan den Paskualtxok omenaldia jasoko du datorren ekainaren 6an Zizurkilen. Egun osoko festa antolatuko diote, eta bertan izango dira aizkolariak, segalariak, trontzalariak, korrikalariak, trikitilariak, bertsolariak eta beste hainbat ekitaldi ere izango dira.

Baigorrin abiatuko da Nafarroako Txapelketa

Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa Baigorrin abiatuko da bihar arratsaldean 14.30etik aitzinera. Bertan gizonezkoak 320 kilotan, 21 urtetik beherako mutilak pisu berean, kadeteak 295 kilotan, eta emakumezkoak 255 kilotan arituko dira.

Mutilen maila nagusian, Amaiur A, Amaiur B, Imotz eta Basaburua neurtuko dira. 21 urtetik beherakoetan, berriz, Amaiur, Basaburua eta Txantrea neurtuko dira. Kadeteetan, berriz, Basaburua, Txantrea eta Andra Mari lehiatuko dira eta emakumezkoetan, berriz, Sakana, Berriozar, Beti Gazte, Basaburua-Imotz eta Amaiur lehiatuko dira. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo