Krisi larritik aterako bada, hizkuntzen aferari heldu beharko dio Belgikak
Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren egoerak sortutako tirabirek eragindako krisi berri batetik atera ezinik jarraitzen du Belgikak. Open VLD alderdi liberal flandestarrak barruti hori banatzeko proposamena aurkeztuko du Parlamentuan, ostegunerako akordiorik ez bada.
GARA
Belgikak gobernurik gabe segitzen zuen atzo, hizkuntzaren aferak eraginda, alderdi flandestar eta waloniarren arteko liskarrak direla eta. Albert II.a erregea alderdietako ordezkariekin biltzen hasi zen Yves Leterme lehen ministroak ostegunean dimisioa aurkeztu ostean, Gobernu berria ahalik eta lasterren osatzeko helburuarekin.
Zentzu horretan, itxaropen izpitxo bat piztu zen atzo Gobernua mantentzearen aldekoen artean, Letermeren dimisioa eragin zuen Open VLD alderdi liberal flandestarrak Gobernuak jarraitzearen aldeko iritzia plazaratu zuen eta. Halere, alderdi honek Brusela-Halle-Vilvoorde (BHV) barrutiaren afera konpontzeko epe zehatza eta laburra jarri du mahai gainean.
Epe hori datorren ostegunean amaituko da eta ordurako akordiorik ez bada, Open VLDk Hallek eta Vilvoordek barruti propio bat osatzea proposatuko du, Bruselatik aldenduta, alderdiburu Alexander de Crook atzo adierazi zuenez. Horrela, bi hiri horiek Flandesko gainerako hiriek dituzten ezaugarri guztiak izango lituzkete.
Egun, Brusela elebidunarekin lotuta daudenez, waloniarrek epaitegietan frantsesez aritzeko eskubidea dute eta baita komunitate honetako alderdiei bozkatzeko aukera, nahiz eta geografikoki Flandesen egon.
Egoera hori aldatu nahi dute flandestarrek, euren hizkuntza eskubideen kontra egiten duela uste dutelako.
Belgikako Auzitegi Konstituzionalak egoera hori aldatu beharra dagoela adierazi du, baina alderdiak azken urteotan ez dira horren inguruko akordio batera heltzeko gai izan.
Open VLDren proposamenak Belgikako Parlamentu federaleko alderdi flandestar guztien oniritzia jaso izan balu, onartua izango zen, komunitate honen aldarrikapen bati erantzunez.
Waloniako alderdiek ez dute bozketa hori egin dadin nahi, bi komunitateen arteko banaketa areagotuko delakoan.
Horregatik, alderdi waloniarrek ez dute onartzen Open VLDk jarritako epea, eta garrantzitsuena guztientzako onargarria izan daitekeen akordio bat erdiestea dela nabarmentzen dute.
Halere, alderdi waloniarren artean ere tirabirak daude. Philippe Moureux senatari sozialdemokratak MR alderdi liberalari egotzi zion krisiaren ardura FDF alderdi nazionalistak ezarritako ildoari jarraitu diolako.
Belgikako Gobernuaren krisi berriak bertako komunikabideetan Estatuaren baliozkotasuna zalantzan jartzea ekarri du.
«Herrialde honek ba al du oraindik zentzurik?», galdetzen zuen atzo «Le Soir» egunkariak.
Gobernu espainoleko Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek Belgikak bizi duen krisia ahalik eta lasterren konpontzea espero duela adierazi zuen, NATOk Tallinnen burutu zuen bileraren etenaldi batean.