GARA > Idatzia > Kultura

Animabasauri jaialdiak ateak irekita ditu, apirilaren 30a bitarte

A. B. | BILBO

Atzo abiatu zen animaziozko jaialdia Basaurin, bertako Social antzokian 20.00etan egindako aurkezpen eta ondorengo ongietorri koktelean. Tartean, bertaratu zirenek Rasmus A. Sivertsen eskandinaviarraren «Kurt Blir Grusom» 74 minutuko filmaz gozatzeko aukera ere izan zuten, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Jaialdiak datorren ostirala, apirilaren 30a arte iraungo du, eta Basauriko Pozoetxe kultur etxean eta Social antzokian ez ezik, Bilbon ere erakutsiko ditu animazio lanak, Multi Zinemetan, EITBko Multibox aretoan, FNAC saltokian eta EHUren Leioako campusean.

Gaur

Gaurko egitaraua goizeko hamarretan hasiko da Basauriko Social antzokian. Hasteko, «Cher ami» filma proiektatuko da bertan, eta «Planet 51» eguerdian. Bazkalostean berriz, 18.00etan berrabiaraziko dira emanaldiak, honakoan «Las aventuras de Don Quijote» filmarekin. Iluntzeko zortzietan «Roadside Romeo» film indiarra botako dute, eta gauean, 22.00etan izango den film laburren proiekzioen ostean -jaialdiko sekzio ofiziala-, iragarri ez duten film batek itxiko du jarduna gauerdian.

Gainera, Pozoetxe kultur etxean Karratu film laburren lehen hautaketa emango dute 18.00etan, telesailen hautaketa bat segidan 20.00etan, eta animazio eskolako lanen sorta batez itxi eguneko egitaraua, 22.00etan.

Film emanaldiez gain, Bilboko FNAC saltokian haurrentzako tailer bat ere antolatu dute eguerdirako: «Flipbooks» deiturikoa. Animazio modurik xume eta oinarrizkoena da flipbook. Kaiera bateko orri bakoitzean marrazki bat egitea da kontua, irudi bera apurka-apurka orri bakoitzean mugituz doana, gero orriak bizkor pasa eta marrazkia mugi dadin, bizitza hartuta.

Horretaz gain, Basauriko Arizko Dorrean, «Miniaturazko mundua, Conflictos Productions» izeneko erakusketa paratu dute, datorren maiatzaren 10era arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo