GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Partida luzatzen bada, guretzat oso seinale ona izango dela uste dut»

p038_f02.jpg

 
Sebastien Sorhuet
Pilotaria

Sorhuet, Ozafrain lagun duela, gaur arratsaldean neurtuko da Waltariren eta Etxetoren aurka Binakako finalean. Orain dela hiru urteko finala errepikatuko da, eta orduan 18 kintzetan geratu ziren. Sorhuet azken urte hauetan txapeletik gertu ibili da, baina ez du janzterik lortu, eta gaur arratsaldean ez du hutsik egin nahi, nahiz eta irabaztea zaila izango dela jakin.

Finalean izateko faboritoak zineten, eta ez duzue hutsik egin. Gauzak ongi atera zaizkizuen seinale, ezta?

Bai, horrela da. Hasieran bagenekien finalean izateko modua izan genezakeela, eta lortu dugu, eta ilusio berezia egiten digu. Ozafrainek azken bi txapelak lortu ditu, eta ni, berriz, azkenaldian finaletatik gertu nabil, baina ezin dut txapelik jantzi, eta gogoz nago bat lortzeko.

Dirua oso nabarmen aterako da zuen aurkarien alde. Horrek presioa kentzen al dizue?

Bai, bai. Entzun dut 100-30 dagoela beraien alde dirua, eta garbi dago beraiek direla faborito garbiak. Guk ere badakigu oso zaila daukagula. Finalera galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin joango gara, eta presioa ere besteena da, haiek baitira faboritoak. Gu geure lana egitera goaz eta saiatuko gara irabazten.

Lehen fasean ere elkarren aurka neurtu zineten, baina haiek irabazi egin zizueten. Hau ezberdina izango da, ezta?

Bai, oso ezberdina. Hura geure lehen partida zen, eta artean lehiaketari tamaina hartzeko geunden. Orain oso ongi gaude Ozafrain eta biok, seguru aski orduan baino hobeto. Gero, finalak beti ezberdinak izaten dira, hemen ez daukazu galtzeko tarterik, ez du harekin zerikusirik izango, baina badakigu gaurkoan ere zaila izango dugula.

 Ozafrainekin zer moduz moldatu zara?

Oso ongi. Sekulako atzelaria da, beti ongi kokatuta dago, eta kintzea finitzen ere ederki daki. Oso ongi moldatu gara, baina bere ondoan jokatzea ere oso erraza da.

Zuen helburua partida luzatzea izango al da?

Partida luzatzen bada, guretzat oso seinale ona izango da, beraiek ez  baitute luzez jokatzea maite. Dena dela, sakean egongo da gakoa, hor Waltarik min handia egiten baitu, batez ere Modernen, baina gu geure lana egitera joan behar dugu, guk ere aukerak izango baititugu.

Bereizitako pilotekin gustura geratu al zarete?

Bai, bai. Geureak haienak baino motelagoak dira. Niri pilota biziak gustatzen zaizkit, baina kontuan hartuta Modernen jokatzen dugula, eta aurrean Waltari daukagula, motelagoak komeni zitzaizkigun, eta horiek aukeratu genituen. Pilotak oso onak dira.J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo