GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Jendeak dirua gure alde ala besteen alde jokatzeak ez nau batere kezkatzen»

p038_f01.jpg

 
Agusti Waltari
Pilotaria

Waltari denboraldiko hirugarren txapela janzteko prest dago. Aurretik Superprestigioa irabazi du, Buruz Burukoa ere beraganatu du, eta gaur Etxeto alboan duela, Binakakoa lortu nahi du, 18.00etatik aurrera Baionan jokatuko den finalean.

Denboraldiko hirugarren txapela janzteko prest?

Bai. Dudarik gabe, garrantzitsua da hiru finaletan egotea, eta gogo berezia daukat Binakakoa irabazteko. Azkenengoa orain dela hiru urte irabazi nuen, eta jende asko ahaztuta dagoela dirudi, eta ilusio handia daukat, baita Etxetorengatik ere. Azkenaldian lesio dezente izan ditu, eta uste dut merezi duela berak ere txapel hau janztea.

Dirua oso nabarmen aterako da zuen alde. Horrek inongo kezkarik sortzen al dizu ?

Batere ez. Jendeak nahi duen bezala joka dezala dirua. Guk geure partida egitera joan behar dugu, jendea dirua noren alde jokatzen ari den begiratu gabe. Dena dela, Ozafrainek azkeneko bi txapelak lortu ditu, eta aurten ere oso bikotekide ona dauka, beraz, badakigu partida oso zaila izango dugula.

Etxeto duzu atzean lagun. Berak lesio asko izan ditu azkenaldian. Orain zer moduz dago?

Oso ongi dago. Azkenaldian ez du izan zorterik lesioekin, baina orain ez dauka inongo arazorik, eta sekulako gogoa dauka bolada txar honi txapel bat jantzita amaiera emateko. Atzean sekulako pilotaria da, eta seguru nago gaur ere partida ona egingo dugula.

Zer moduz moldatu zarete?

Oso ongi. Orain dela hiru urte ere elkarrekin jokatuz jantzi genuen txapela, eta erraza da berarekin ongi moldatzea. Pilotari handia da, atzean lan handia egiten du eta erraza da bere alboan jokatzea.
Pilotak astelehenean bereizi zenituzten. Nolakoak dira?
Ez dago inongo aitzakiarik. Guk 93 gramokoak aukeratu genituen, eta beraienak 95 gramokoak dira. Bi gramoko aldea dago, beraienak apur bat astunagoak, baina denak dira oso onak, ez daukagu inogo aitzakiarik. 

Betiko moduan sakeak sekulako garrantzia izango du, ezta?

Bai, bai. Normalean sakeak partidan garrantzi handia izango du, eta garbi dago nire jokoan ezinbesteko jokaldia dela. Hala ere, kontuz ibili beharko dugu, Sorhuetek ere sakearekin ongi egiten du, eta beraiek ere jokaldi horrekin min handia egin diezagukete.

Sakeaz gain, zerk izango du garrantzia ?

Partidan oso sartuta egotea. Pilota daukagunean kintzea azkar finitzen saiatu behar dugu, eta bestela, berriz, elkarri lagundu, azken batean, binaka elkarrekin jokatzen baita. Beraiek ere oso biko ona osatzen dute, eta kontuz ibili behar da. Hutsik gutxien egiten duenak irabaziko du partida.

Finala Modernen, zure trinket kutunean jokatzen da. Horrek ere lasaitasuna emango du, ezta?

Jende guztiak daki Moderne nire gustuko trinketa dela. Niri joko azkarra gustatzen zait, pilota fite ibiltzea, eta horretarako aproposa da Moderne. Garbi dago han jokatzeak konfiantza ematen didala, baina Moderne ez dut uste txarra denik ez Sorhuetentzat, ez eta Ozafrainentzat ere, orokorrean Baionako trinketa denentzat jokatzeko ona dela uste dut. Jon LEUNDA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo