Jürgen Untermann alemaniar hizkuntzalariak jaso du aurtengo Vianako Printzea saria
GARA | IRUÑEA
Kulturako Vianako Printzea saria Jürgen Untermannek lortu du aurten, atzo epaimahaiak jakinarazi zuenez. Hizkuntzalari alemaniarra Koloniako (Alemania) unibertsitateko irakaslea da, eta hizkuntza indoeuroparretan aditua dugu eta, batez ere, Iberiar Penintsulako erromatarren aurreko idazkeretan.
Asturiasko Printze Felipe Borboikoak banatu ohi dituen sariek urtero-urtero sorkuntza literarioan, eszena eta arte plastikoetan, arkitekturan, edo zientifiko zein teknikoetan nabarmendu den izen edo erakunderen bat goraipatzen du. Alta, aurten aurreneko aldiz, Nafarroatik kanpoko erakunde eta gizon emakumeei zabaldu zaie saria irabazteko bidea, eta erabakiak zeresana ere eman du, ez baitu guztien oniritzia jaso. Aurten, esaterako, Juan Cruz Labeaga historialaria eta Jose Maria Goikoetxea konpositorea izan dira saria irabazteko hautagai nafar bakarrak, besteak beste, Vargas Llosa, Ian McEwan, Jose Carreras edo Alexandriako Liburutegiarekin lehian.
Nafarroako Turismo eta Kultura kontseilari Juan Ramon Corpasek eta aurtengo epaimahaiko buru Maria Bayo soprano ezagunak eman zuten atzo jakitera nork jasoko duen 40.000 euroko poltsa duen saria.
Itzal handiko hizkuntzalaria
Jürgen Untermann irakasleak Iberiar Penintsulako antzinako hizkuntza eta idazkerei buruzko ikerketak burutu ditu berrogeita hamar urte luzez, eta itzal handiko hizkuntzalaria dugu.
Bere lan ezagunenen artean «Sprachräume und Sprachbewegungen im vorrömischen Hispanien» (1961) dago. Antzinako Iberiar Penintsulako hizkuntzen geografia eta Atlas antroponimikoa agertzen ditu liburuak.