Luzien Etxezaharreta 2020/4/23
Nafarroaren Eguna
berria
Nafarroa «Euskadi lehena» deitu zuen Michel Labegerie auzapez, mediku,diputatu, senatari, kantariak, duela berrogeita zenbait urte, zizelkatu zuen kanta ederrenetarik batean. «Batasunaren berriaren arrosa eskutan» zeukan ere zazpi anaia barreiatuak bildu nahi zituen erresuma erregeak. Amets hutsa hori? Ametsek berotzen dute eta poetak dioenaz «leiendarik gabeko herriak hotzez hiltzera kondenatuak dira».
Nafarroak gure artean gutizia asko pizten ditu, Etxamendik bota jotaren dolamenetik Baldorbako bazter erromantikoetaraino. Letek ere azken erreginen begirada malenkoniaz beteak begiztatu zituen. Iruñea Euskal Herriko hiri nagusi historikotzat denek gogo ezkina batean jarria dugu, Gernikako haritzaren bake mezuarekin batera eta Bizkaiko labe garaien sua, Gipuzkoako marinelen itsas zabalen leinuruak, Zuberoako bortuekin arras poliki uztartu ditugu gure euskal geopoetika berezian.
Baigorrin baizik, Basaizea elkartearen eskutik, dira oraindik ozenki nafar batasunaren aldarrikapenak entzuten. Etxamendik, Ariana abestian, Euskadik Nafarroa bazter utzi zuela 78ko estatutuan salatu zuen, Naksos uharte tristean Teseok abandonatu Arianak bere buruaz beste egin zuela gogoratuz.
Batasun ideia euskaltasunaren bideratzaileek XIX. mendean goraki hedatu zuten baina mende eta erdi berantago ez dirudi politika sailean bide horretan gabiltzala. Nafarroaren Egunean, Baigorrin, datorren igandean entzunen da batasunak gaituela zepotik aterako elkartasunaren kolore apainez eta bizi nahi handiz, amets obratuak duen miragarriarekin.