GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Torturaren aurkako egun herritarra

Plazaratu, entzunarazi, agertu, salatu...

Atarrabiak hartu zuen Torturaren Aurkako I. Egun Herritarra atzo. Tortura eta hau ahalbidetzen duen inkomunikazio aldia salatu zituzten hitza eta irudia uztartuta. Mezua ahoz aho zabaltzeko deia, ozena eta argia: «Torturak ez du etenik, guk eteten ez badugu».

p019_f01.jpg

Maider EIZMENDI

«Zer dago bada gaur herrian?», galdegiten zioten elkarri bi herritarrek, goizean goizetik plaza alaitzeaz arduratu zen musika entzutean. Ez da harritzekoa harridura, izan ere, ekitaldia bera Iruñean ospatzekoa zen, baina Udalaren ukoa tarteko, azken orduan Atarrabiara aldatu zuten antolatzaileek. Plazan, musikaz gain, panel ugari, eta bertan bati urdaila uzkurtzeko moduko esaldi eta testigantzak. Atxilo hartu eta inkomunikazio aldian torturak jasandako pertsonen hitzak lehen lerroan; froga eta salaketa, aldi berean.

Hamaika eta erdiak jota zirela sartu ziren plazan joaldunak eta euren dinbili-danbalekin, iragarri zuten jaieraren hasiera. Bertsolariek, Xabier Silveirak eta Eneko Lazkozek, umore puntua jarri zuten, «bestela ere negar egiteko nahikoa motibo dugulako». Baina abiapuntua eta zita ez zituzten ahaztu nahi izan eta ozen abestu zuten: «Torturak ez du etenik, guk eteten ez badugu».

Taula gaina eta mikrofonoa biak herritarrei zabalik. Jesus Valencia edota Fede de los Riosen hitzek hartu zuten plaza, bai eta Fermin Valencia abeslariaren ahotsak ere. Tartean, ez zen falta izan torturak salatzeagatik salatu duten Alfontso Zenon abokatuarenganako elkartasun keinurik.

Jokoa baino irudia

Euskal dantzek eta antzerkia, musika eta dantza uztartzen zituen ikuskizun batek erakarri zuen bildutakoen arreta gero. Hasiera batean, inozoa zirudien, baina argigarria gertatu zen joko bat ere egin zuten. Dozena herritarrek plaza gurutzatu behar zuten kantu baten erritmora geldialditxoak eginez. Asmatzen ez zuenari polizia itxuretan aritu ziren bi lagunek poltsa bat jartzen zien buruan eta makurrarazi egiten zituzten. Jokoaren amaieran plazan irudia: poliziak «harrapatu» eta geldiarazitakoak, poltsaz estalirik. Eurekin joandakoak ziren gero haiek askatu behar zituztenak, hura kenduaz. Joko bat... baina jokoa baino gehiago.

Ekitaldiaren amaieran Iker Araguas presoaren amak hartu zuen hitza. Polizia semearen bila etorri zeneko gau hura eta ondorengo egunean inkomunikaturik pasa zituen egunetan sentitu eta bizitakoak helarazi zizkien plazan bildutakoei. Testigantza hunkigarriak emakumearen hitzak itotzen zituen eta itolarriak berak bertaratutakoen begiak ito zituen. Inork baino hobeto asmatu zuen inkomunikazioaren eta torturaren basakeria irudikatzen, sentimenduz janzten, azalera ekartzen, atxilotuen eta euren senideen sufrimendua islatzen.

Torturaren aurkako lehendabiziko egun herritarra izan zen atzokoa; «lehena, baina torturak irauten badu, bakarra ez».

Arratsaldean Iruñeak hartu zuen torturaren aurkako salaketaren lekukoa; izan ere, iluntzean manifestazio jendetsua ibili zen hiriko kaleetan barrena.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo