GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Annapurna guk ekipatu izanak balio berezia eman dio igoerari»

p042_f01.jpg

Asier Izagirre

Mendizalea

Edurne Pasabanek beti goraipatu izan du bere helburuak lortzen lagundu dion mendizale taldea, eta horien artean, Asier Izagirre da, zalantzarik gabe, kide bereziena. Edurneren lehengusua izateaz gain, azken urteotako abentura ia guztietan hutsik egin gabe haren aldamenean izan da 38 urteko tolosarra. Eta bera ere apurka-apurka zortzimilakoak pilatzen ari da. Annapurna izan da bere bosgarrena.

Asier AIESTARAN

Gure deiari jator erantzun dio Asier Izagirrek Katmanduko hoteleko gelatik. Hain ongi ezagutzen du jada Nepalgo hiriburua, ezen hango iskanbilarekin aspertzen ere hasia baita.

Egun batzuk pasa izanak ematen duen perspektibarekin, zer balantze egiten duzu orokorrean Annapurnako esperientziaz?

Hasiera batean, nire ustez, ez genuen asimilatu egindako eskaladaren garrantzia, eta behin Katmandura helduta eta egun pare bat lasaiago egonda, hori asimilatzen hasi garela uste dut. Badakizu hasieran guk Shisha Pangmara joateko intentzioa genuela, baina azken orduko aldaketak egon ziren eta Annapurna igo behar izan dugu aurrena. Aldaketa handiena mendian bakarrik egotea zen, bidea guk landu behar genuela, eta dena oso ongi atera zitzaigun. Sokak ipintzen jardun genuen lehenik, aurreneko saiakera bat egin genuen gero, eta gailurra egin genuen lehen aldi horretan. Annapurnak dituen zailtasunak eta arriskuak nolakoak diren pentsatzen jarrita, ba balantzeak oso positiboa izan behar du.

Pausoka joateko, esan daiteke aurreneko ezustekoa plan aldaketarekin etorri zela.

Gauza jakina da Tibet gaur egun Txinak bere mendean duela. Bertara joan ahal izateko guri hasieran emandako datak ez zituzten bete, eta, bat-batean, ia aireportuan, planak aldatu beharrean aurkitu ginen. Eta Nepalera joan behar genuenez, horixe pentsatu genuen, goazen aurrena Annapurnara eta egingo dugu gero Shisha. Aurreneko ezbeharra izan zen, baina Shishan ere aurreneko mendizaleak izango ginela espero genuenez, material guztia prestatuta geneukan Katmandun eta buruhaustea ez zen horrenbestekoa ere izan.

Mendian oso adituak ez garenontzat, zenbateko lana edo atzerapena dakar bidea norberak landu beharrak?

Ba, agian jendeak ez du ulertuko, baina nik hori berri pozgarritzat hartu nuen. Nik, mendizale bezala, nahiago dut mendira joan eta igo beharreko mendia nik neuk landu, eta egindakoaren arabera fruitu gehiago edo gutxiago jaso. Gertatzen dena da hemen, Himalaiako zortzimilakoetan, orokorrean egiten den mendi mota kontuan hartuta, oso zaila dela hori beti horrela egitea. Normalean beti daukazu norbait aurretik, eta logikoa den moduan, zuk haren lana aprobetxatzen duzu. Baina Annapurnan esperientzia hori bizi ahal izana pozgarria izan da. Gainera, kontuan izan behar da ni Edurnerekin Annapurnan izanda nengoela 2007an, eta mendia nahiko ongi ezagutzen nuela. Beraz, berriz hara bueltatu eta mendia ongi lantzeko aukera izatea, baldintzak nolakoak ziren ikusita, poz handia izan da.

Euskal Herritik jarraituta behintzat, gailurrerako bideak ezuste gutxi izan zuela dirudi. Aurrez ezarritako epeak eta urratsak bikain bete zenituzten.

Hala izan da, bai. 2007an gertatu zenaren ondoren, gure beldurra hortxe zegoen. Orduan Edurne Pasaban, Iñaki Otxoa de Olza eta hirurok hirugarren kanpamentuko hormara iritsi ginen eta, egoera ikusita, atzera egitea erabaki genuen. Oraingo honetan, berriz, mendia ezagutzeak ematen duen abantailarekin eta egoera askoz hobea zenez, dena oso ongi atera da. Bigarren eta hirugarren kanpamentuen arteko bidea ekipatzen hasi ginen, oso zaila dena, eta denbora gutxian hirugarren kanpamentua jarrita geneukan. Eta apur batean atseden hartu ondoren, gailurrera abiatzea erabaki genuenean ere, berdin. Hirugarren kanpamentura arazorik gabe igo ginen, eta hirugarrenetik laugarrenera ere bai, nahiz eta errimaia handi bat egon eta horren beldur ere baginen. «Gora abiatu behar al duzue errimaia nola dagoen jakin gabe?», galdetzen zigun jendeak. Joatea erabaki genuen eta, errimaia ekipatzeak 2-3 orduko lana eman zigun arren, 150 bat metro sokarekin, helburua lortu genuen. Eta hurrengo egunean gailurrera. Azken batean, mendia oso gogorra da, baina guk egoera onean harrapatu dugu.

Eta, bukatzeko, beti horrenbeste arazo sortzen dituen jaitsiera. Gau bat pasa behar izan zenuten goian, baina gero dena kolpetik egin zenuten.

Azkenerako, laugarren kanpamentutik gailurrerako bidea oso luzea egin zen. Uste dut guztira hamar bat ordu behar izan genituela gailurra egiteko. Gora ordu biak aldera iritsi ginen, eta laugarren kanpamentura bueltatzeko, 7.200 metrora, beste lau bat ordu pasa genituen. Arratsaldeko seiak izango ziren bertara heltzerako. Ilunpetan beherako bidea jarraitzeko aukera bazegoen, baina egokiagoa iruditu zitzaigun gaua han pasatzea lasai-lasai eta hurrengo egunean goizean goiz jaiki, eta beherako bideari ekitea. Azkenean goizeko seietan jaiki ginen, pixkanaka jaisten joan ginen, kanpamentuak desegin eta dena ahalik eta garbien uzten, eta arratsaldeko bostak aldera iritsi ginen beheko kanpamentura.

Eta behin Katmandura jaitsita, dagoeneko Shisha Pangman pentsatzen hasita.

Atzo (asteazkena) eguerdi partean iritsi ginen Katmandura eta gaur bertan (osteguna) egon gara prestakuntza lanak ahalik eta gehiena aurreratzen. Agentzian izan gara Shishako material guztia prestatzen, hurrengo egunetarako janaria erosten, arropak garbitzen... Eta jada bihar bertan (ostirala) Tibet aldera joateko prest.

Shisha Pangman lau aldiz izan zarete, baina gailurra ezinezkoa izan da denetan. Zer sentipen dituzu bertara heldu aurretik?

Dakizuenez Edurne Pasaban lau aldiz egon da Shishan, eta lautan ni ere berekin egon naiz. Bi aldiz iparraldetik saiatu izan gara eta beste bi aldiz hegoaldetik. Eta egia esanda, mendia hain ongi ezagututa eta Annapurnan izan ditugun kondizioak izanda, esperantza handiekin noa Shishara. Orain arte joan garen guztietan, beti denboralditik apur bat kanpo joan gara, eta oraingoan berriz denboraldi hasieran goaz, jendea iritsi berria da kanpamentu basera. Beraz, Shishako espedizioa hutsetik hasi behar dugu, beste gauza guztiak ahaztuta eta burua horretan bakarrik ipinita.

«Sherpak etorri ziren gugana Oh Eun-Sun korearrak Kangchenjungan gailurra ez zuela egin esatera»

Azken egunotan behin eta berriz aipatu da Eun-Sun korearrak Kangchejungan ez zuela gailurrik egin. Gai honen inguruan duen iritzia ere azaldu du Asier Izagirrek.

Oh Eun-Sun korearraren inguruko zalantzak pil-pilean daude. Dirudienez, sherparen batek onartu egin du korearrak ez zuela gailurra egin Kangchenjungan.

Ni izan naiz harritzen lehena. Guk gure artean hitz eginda geunden zalantza horren inguruan. Korearrak Kangchenjungako gailurra egin zuenean, gu ere han ginen, eta susmagarria iruditu zitzaigun gertatu zena. Baina, beno, esan liteke gure arteko komentario bat zela. Baina bitxia izan da; aurten beheko kanpamendura iritsitakoan, bertako sherpak etorri zaizkigu emakume horrek ez zuela Kangchenjungako gailurra egin esatera. Eta guk ezer esan gabe, beraiek esaten zuten onartezina zela 14 zortzimilakoak igotzen dituen lehen emakumea gezurretan aritzea, beraiek ere garrantzi handia ematen diotelako gai horri. Noski, guk eskatu genien hori benetan horrela izan bazen, prentsaurreko baten bitartez-edo, hori publiko egiteko. Gertatzen dena da ez direla ausartzen, azken batean, beraien bizibidea jokoan jarriko luketelako. Normala da. Edurnek gertatutakoa hedabideei kontatzea erabaki zuen, eta gaia lehertu egin dela esan daiteke. Ez dakit modu egokiena den, baina hala gertatu da.

Ziur aski, orain nahiago izango duzue hori ahaztu eta mendian kontzentratu, ezta?

Argi dago. Nik ere hori esaten dut, goazen gu gure lana egitera eta gero gerokoak. Azkenean, norbait gezurretan ari bada, lehenago edo beranduago harrapatuko dute. Baina ez da horren erraza. Izan ere, adibidez, guk Annapurnan gailurra egin genuen egunean korearrak kamera handi batzuekin jardun omen zuten guk gailurra egiten genuen ala ez begiratzen. Eta bertan zeuden beste mendizaleei, Carlos Pauner, Juanito Oiartzabal eta horiei, gutako bakoitza nor zen galdezka, ea gorriz jantzitakoa nor zen, ea Edurne hau edo hura zen... Hau da, beraiek ere oso jarraipen zorrotza egin ziguten egun hartan. Hori jakin zuenean, Edurne berotu egin zen eta hedabideei gertatutakoaren berri ematea erabaki zuen. Hortik sortu da egoera hau guztia.

Horrenbesterainokoa al da Oh Eun-Sun korearrak mugitzen duen taldea?

Bai, bai. Gure espedizioak eta Espainiako espedizio gehienek sukaldetxoa eramaten dugu, sukalde laguntzailea, jantokia eta bakoitzak bere denda. Guztira hamar bat denda. Emakume honek, berriz, telebistako 36 langile eraman ditu Annapurnako beheko kanpamentura. Teknikoak, kameralariak, makillatzaileak... Uste dut guztira 50 bat pertsona izango direla taldean. Sherpak egun guztia pasatzen dute sokak igo eta igo, mendizaleak ez diren pertsona asko daudelako. Esaten dutenez, gainera, apirilaren bukaera alderako sateliteko `franja horaria' delako horietako bat daukate erosita, gailurra zuzenean telebistaz eskaintzeko. Eta diruz ere, diotenez, bost miloi euroko aurrekontua dute hori dena behar bezala egin ahal izateko. Azkenean, ikusten da 14 zortzimilakoena estatu-gai bilakatu dela Hego Korean eta horretan indar guztia jarri dutela bitarteko guztiekin. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo