GARA > Idatzia > Kultura

«Legea bete ezean, Praileaitz inguruko mendi magala desagertu egin daiteke»

p055_f01_148x244.jpg

Maria Jesus Aranburu

Gipuzkoako Kultura diputatua

Praileaitz kobazuloaren afera hautsak harrotzen ari da euskal kulturaren alorrean. Gizarte elkarte eta ikerlariek ez ezik, instituzioetako arduradunek ere badute zer esana. Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 1948) Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak Debako haitzuloaren inguruan piztu den eztabaidaren inguruan hitz egin du gara egunkariarekin.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Praileaitz koba eta bere ingurua babesten duen dekretua berritzen ari da Lakuako Gobernua. Babes perimetroa 50 metrotik 65era handitzea eta mendi magalak Itsasertzen Legearen babespean jarraitzea proposatzen dute, besteren artean. Orain arte aurkeztutako neurri horiek, ordea, kezka eta eztabaida sortu dute haitzuloa defendatzen diharduten talde eta ikerlariengan. Gipuzkoako Aldundiak ere badu zer esana gai horren inguruan. Aferarekin «nekatzen hasia» dagoela esaten duen arren, Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak Aldundiaren ikuspuntua agerian utzi zuen gara egunkariarekin egindako elkarrizketan.

Nola ikusten du Aldundiak Lakuako Gobernuak dekretua berritzeko duen egitasmoa?

Aldaketa bat egiteko jarrera izatea positibotzat jotzen dugu, eta, zentzu horretan, mahai gainean dugun dekretu proposamena bi zatitan banatuko nuke. Batetik, babes eremuari dagokiona eta, bestetik, erakundeen arteko erlazioena eta bakoitzak ditugun eskumenak ondo jasota dauden ala ez. Bigarren eremu horretan pozik nago, Jaurlaritzak eta Aldundiak ditugun eskumenen isla oso ondo jasotzen duelako. Lehenengo atalean, babes eremuari dagokionez, ordea, guk beti esan izan genuen hasiera-hasieratik ikerketa teknikoak falta zirela. Horiek egitea gure gain hartu genuen eta ikerketa horien guztien emaitza zientifikoetan oinarrituta, babes eremua ehun metrora zabaltzea proposatu genuen. Hori kontuan hartzen ez den neurrian, hainbat galdera eta kezka ditut.

Lakuak proposatzen dituen 65 metroek babesa bermatzen dute?

Nik galdera hori Jaurlaritzari egingo nioke. Nik behin eta berriro esaten dut Aldundiak ikerketetan lortutako emaitzetan oinarritutako proposamena egin diola Gobernuari. Eta nik galdetzen diodana da, ea zein elementu zientifikoetan oinarrituta egiten duen 65 metroko eremuaren proposamena. Erantzun zehatz hori ez daukadan bitartean, nik neureari eutsiko diot.

Dekretua onartzen bada, zer egingo du Aldundiak? Proposamenik edo bestelako ekinbiderik abiarazteko asmorik ba al du? Ala, aitzitik, erabakitakoa betetzea izango da aurrerantzean zuen helburua?

Bi bide ditugu. Bata, esan bezala, eskumenari begiratuta, daukagun dekretua betearaztea, eta nolabait horren ardura gurea izango litzateke. Eta bigarren aukera helegiteak edo gure galderak berriro ere mahai gainean jartzea da. Baina une honetan daukagun zirriborroak beste bide batzuk aurreikusten ditu, eta horiek oraindik ez daude zehaztuta. Itxaron egin beharko genuke dekretua bere osotasunean ikusi arte.

Zein bide dira horiek?

Adibidez, Itsasertzen Legeari dagokiona. Ea Ondarearen Legeak noiz babestuko lukeen edo ez zehaztu gabe dago oraindik eta, bestalde, badago aukera bat, hots, eremu horren diseinua egiterakoan, 65 metroko babes gunearena eta lubakiarena, horren oinarria zein den. Elementu horiek guztiak aztertu arte nik ez ditut ateak erabat ixten.

Nahikoa ikerketa egin direla uste al duzu?

Bai, orain arte egin daitezkeen guztiak egin dira eta gaur egun ditugun baliabide guztiak erabilita. Nork daki hemendik urte batzuetara ez ote den baliabide gehiago egongo, beste tresna batzuk, gauza gehiago egiteko eta gehiago sakontzeko. Guri egiteko geratzen zaiguna, nahiz eta dagoeneko martxan dagoen eta denbora behar izango duen, jarraipen baten ondoriozko ikerketa emaitzak izango baitira, kobazulo barruan dagoen hezetasunak margoak dituzten estalaktitetan sortzen ari den korrosioari jarraipen zuzena egitea da. Badirudi hori ez dela kanpoko eragina, berezkoa dela, eta hori ikertzen jarraituko dugu.

Eta arkeologikoki?

Kobazulo barruan ez dakigu zer dagoen. Inoiz ez da bukatzen kobazulo baten ikerketa, edo oso zaila da behintzat ikerketa guztiari amaiera ematea. Adibide txiki bat besterik ez dizut jarriko: Ekaingo kobazuloa begira noiz hasi zen eta oraindik indusketa saioak egiten ari gara. Praileaitzen ere indusketetarako bideak ez daude itxita, ezta gutxiagorik ere.

Haitzulo barruan dagoen ondarea gal daitekeen beldur ez al zarete?

Kobazulokoa bertakoa ez.

Aurreko asteetan, Antonio Rivera sailburuordeak agertu zuenez, Sasiolako harrobian lanean diharduen Amenabar enpresari diru kopuru handiak ordaindu beharko litzaizkioke dekretuaren babes eremua are gehiago handitu nahi izanez gero. Afera ekonomikoak kultura ondarearen aurretik jartzen ari direla iritzi diozu?

Ezetz espero dut. Ekonomia oso garrantzitsua izanik, are gehiago egun bizi dugun egoeran, historikoa eta arkeologikoa den ondareak lehentasuna izango duela uste dut. Berak egin dituen adierazpenen inguruko argibideak berari eskatu beharko dizkiozu, baina nik uste dut ondarearena lehentasunezkoa izango dela, edo izan beharko luke behintzat.

Praileaitz inguruko mendi magala Itsasertzen Legeak babesten du. Nahikoa al da babes hori?

Gauza bat da kobazuloa eta kanpoko eragina izan dezakeen eremua zenbaterainokoa den eta zenbatek izan behar duen babes osoa, eta bestea, bere ingurunea zenbateraino babestu behar den edo ez. Kontuan izan edozein elementu kalifikatuta baldin badago, guztiek behar dute, etxe artean dagoen jauregi bat ez bada behintzat, denek behar dute kontestu bat, baina legez ez dago jasota zenbaterainokoa izan behar duen. Toki batzuetan 500 metro legez jarrita daude, beste batzuetan ez dago zehaztasunik eta orduan bai egon behar duela irakurketa kultural bat egiteko eremu babestu bat. Itsasertzeen Legeak egiten duena da itsasbazterraren eremua zehaztu eta mendi magala itsasbazterraren eremuan dago. Beste kontu bat da legea aplikatu daitekeen eta aplikatzen baldin bada, nork eta noiz aplikatzen duen. Nik galdera horri honela erantzungo nioke: ongi etorria izan dadila lege hori betearazten baldin bada, baina Ondarearen Legeak ere kalterik ez lioke egingo. Nire ustez, bien babesa adieraztea ona litzateke.

Praileaitzen Lagunak elkarteak eta arkeologoek azken asteetan salatu dutenez, Amenabar makineria erabiltzen ari da gune horretan eta mendi magala suntsitzen ari da, berez, baimenik gabe. Mendi magal osoa suntsitzeko aukerak hor daude; egoera aurrera badoa, zer gertatuko dela uste duzu?

Zirkulazio legeak ere betetzeko daude, nik gida-baimena eman diezaioket pertsona bati, baina ezin diot isuna jarri, isuna trafikoko arduradun batek jarri beharko dio. Hemen gauza bera gertatzen da. Horren ardura duten departamentuek begiratu beharko dute ea legea betetzen duten ala ez. Guk, bizirik dagoen dekretuaren arabera, leherketak egiteko baimenak eskatzen dizkigutenean, dekretua betetzen baldin badu, baimena ematen diegu. Beti esaten dugu beste lege eta abarri kontu hartu behar zaiela, baina gu ez gara horren erantzule.

Baina mendi magalean ezin da jarduerarik egin.

Hori Itsasertzen Legeak eta Ura Uraren Euskal Agentziak esan behar du. Hemen garbi dagoena da itsas sorpeko eremuan dagoela magala, eta kasu honetan hori betearaztea Ingurumen Saileko Ura agentziari dagokiola.

Eta Ondare Legea aplikatuko balitzaio?

Ondare Legearen barruan, 500, 300 edo 100 metroko babes gunea betearazteko erantzukizuna gurea litzateke.

Eta babestuago legoke Ondare Legearekin?

Nik esan dezakedana da gu dekretua betearazten ari garela eta gero ere betearazi egingo dugula.

Amenabarrek lanean jarraitzen badu, borroka areago luzatuko dela aurreikusten da. Nolakoa izango da Praileaitzen etorkizuna? Nola ikusten duzu ingurua eta egoera aurrerantzean?

Garbi dagoena da dekretuak babesten duen heinean, kobazuloaren etorkizuna betirako izango dela. Etorkizun hori izango du babestutako eremuak eta, babestu gabe dagoen eremua desagertu egin daiteke. Baldin eta Ingurumen Sailaren eta Itsasertzen Legearen bitartez mendi magala babesten ez bada, eta legea betearazten ez bada, mendi magala desagertu egin daiteke, nahiz eta suposatzen den betearazi egingo dela.

«Abenduan esango dugu Balentziaga museoa noiz inauguratuko den»

Balentziaga kasuari dagokionez, lanak noizko bukatzea aurreikusten da?

Balentziagak oraingoz bi zutabe ditu. Bata, Berroeta Aldamar eta bestea Balentziaga Fundazioa. Berroeta Aldamar (Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Aldundia eta Getariako Udala), eraikina egiten ari da eta gure zatia hilabete eta erdi edo bi hilabeteko epean amaituko da. Balentziaga Fundazioak, bestalde, museografia egitasmoa definitua dauka, egina dauka, eta orain hasiko da ikus-entzunezkoak eta falta diren gauzak lotzen. Nik uste dut azaroa-abendua inguruan inaugurazio data zehatz bat eman ahal izango dugula.

Proiektua hasieran pentsatutakoa bezalakoa izango da?

Bai, baina baditu aldaketak eta, gure ustez, oso nabarmenak direnak. Gure eskuetan izan genuen proiektua izugarri hobetu dugu, bai funtzionalitate aldetik, baita kontzeptualki eta teknikoki ere. Eraikina kanpotik berdina izango da, baina barruan, banaketan eta eraikina jasotzeko moduetan eta izango dituen eremuetan aldaketa nabarmenak izango dira.

Zein norabidetan doa prozesu judiziala?

Komunikabideek askotan guk baino lehenago izaten du gai horien berri. Guk dakigun bakarra da prozesua instrukzio fasean dagoela eta jendea oraindik deklarazioak egiten ari dela epailearen aurrean. Ez dakigu emaitza zehatzik noiz izango dugun. A.K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo