Maite Ubiria Kazetaria
Erreformatik aldaketara
Batera plataformak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeen onarpena lortzeko egutegia marraztu du. Frantziako Gobernuak abiatutako tokiko erakundeen erreformak ez du aintzat hartzen Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko biztanleria, ez baitu inolako erakunderik, ez baitu inolako tresnarik proposatzen euskal herritarrek beren etorkizuna erabaki ahal izan dezaten.
Frantziako eskeman jokatzea proposatu du Baterak. Horrek dakartzan arrisku guziekin. Parioa egin du, urrun dagoen gobernuak euskal herritarren borondatea onartzeko bidean, errespetu keinua egin dezan.
Joan den martxoan buruturiko herri galdeketak multzo kritikoa badagoela agerian utzi du. Soilik lan boluntarioa baliatuz, abantzu 35.000 herritarrek beren iritzia eman zuten. Jauzia emateko oinarria badagoela uste du hainbat alderditako jendeek osatzen duten plataformak.
Frantziar moldeetan bete-betean sartzen den egitura horren ezaugarritzea da hurrengo erronka. Ez da lan samurra izanen. Hala ere, han eta hemen eszenatokia ari da mugitzen. Hego zein ipar aldera begiratuz gero, erraz ulertzen da gaurkoa ez dela geldirik egoteko garaia.
Hego Euskal Herrian, (benetako) demokraziaren tresnak erabilita, euskal lurralde ezberdinetan bizi diren herritarren arteko harreman berriak sortzera eraman behar lukeen prozesua egiteko indarrak biltzen doaz.
Iparrari so eginez, Behe Savoiak eta Savoia Garaiak bat egiteko nahikeria azaldu dute. Lehenik Bretainiak, gero Normandiak, herrialde horien lurralde historikoa berriz ere mapan marrazteko egitasmoak martxan jarri dituzte. Korsikan asanblada badute. Itsasoaz bestaldean, Martinikak, Guyanak, Polinesiak... mota ezberdineko bideak zabaldu dituzte.
Dena ez da beltza ala zuria. Frantziak burdinazko gerria du. Malgutasuna ez da dama errepublikarraren dohaina. Parisek herritarrek eta herriek pausatzen dituzten aldarrikapenak entzuteko arazoak ditu.
Hala ere, erreforma martxan da. Modernitatearen izenean, Parisek berrantolaketa abiatu du. Eta berriz ziria sar diezaioten nahi ez duen Pirinioetako herri txiki batek planto egin du. Haren arauarekin jokatzea onartuz enbido egin dio Estatuari. Euskal Lurralde Elkargoa sortzeko asmoa mahai gainean jarri du. Erreformatik aldaketara igarotzeko tenorea dela erranez.