GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Gorrira egin dute

Gorrira egin dute. Egutegiko urriak hogeita bosta duen eguna gorritu berri dute. Eta eguna bera gorritu egin da honezkero, lotsaren lotsaz. Eta urria bera, berean pilatzen ari baitira gorrizko egun seinalatuak. Eta egutegi osoa harekin batera gorritu ere, elkartasunez. Eta kontuak atera Gernikako hiribildua!. Ez litzateke ezustekoa izango epe motzean egutegiko hil guztietako egun guztiek grebara deituko balute, euretariko batzuk agintearen bortxaz gorritu izana salatu eta hilek beltzean bizitzeko duten berezko eskubidea defendatzeko. Itxuraz, saltoki handiek ate zabalik jaso dute berria, eurentzat gorrizkoak lan oneko jaiegunak direlako. Aginduaren letra txikerra irakurri beharko, seguruenik egun hori gorritu ez ezik horitu ere egin baitute egutegian. Euren sozialismo gaixoak gorria ezin ulertu erdian horia izan gabe. Hemengo batzuek ospatzen duten estatutua geldiago dago gure beheko Estatuaren hiriburuan monarka baten izena duen museoan horma bati lotuta daukaten margoa baino. Tira, orain kexu diren batzuek ezindua jaiotzen utzi izanaren ondorioa; ez, ez nago margoaz orain. Iraungitze-data zekarren agerian estatutu hark, ezin ageriagoan, gorri-horizko kode-barraren ondo-ondoan ageri ere, eta merkaturatu zuten egunaren biharamunerako iraungia zen, datak agindu legez. Harrez geroztik zabortegi politiko batean datza, ezin erreziklatuan, batzuk noiz behinkako ospakizunetan harena gogora ekartzen saiatu arren. Behean bego!.

Jada behean ez daudenak hegazkinak dira, momentuz behintzat. Airea hartu dute, lurra aireportuan utzita. Baina noiz arte?. Sumendiek abisua emana dute. Eta Eurozonako buru handiek, kexuaren kexuz, bihar-etzirako prestatzen hasiak dira, kaosa berriro ere gauzatu ez dadin. Hortaz, lege-asmo berri batean ari omen dira, aireportuen filosofia guztiz aldaturik. Diseinu berrian denetariko egongo da aireportuetan, hegazkinik ez bada ere. Bizi, lan eta hilerako behar den guztia. Hortz-klinikak, industrialdeak, elizak, saltoki handiak, diskotekak, ama-etxeak, DBHrako ikastetxeak, tanatorioak, teleferikoak, kiroldegiak, zinemak, ebakuntza-gelak, makina-erremintarako azokak, haurtzaindegiak, sexu-guneak, legebiltzarrak, kanposantuak, baratz transgenikoak, kirol-portuak, ezkontza-jatetxeak, polizia-etxeak bainera eta guztiz... Komunak handitzea ere dute buruan, badaezpada. Bai, hautsak harrotu ditu sumendiak, eta buru handiak harritu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo