GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren lanek Urumea bailaran eragingo dituzten kalteez ohartarazi dute

Hernani, Astigarraga eta Loiolan zehar bizikleta martxa egin zuen atzo AHT Gelditu! Elkarlanak. Ergobiako lanek kilometro bakoitzeko 54 milioi euroko aurrekontua dutela eta AHTren zati garestiena izango dela salatu zuten.

p022_f01_78510.jpg

GARA | HERNANI

Urumeako bailaran AHTren lanek eragingo dituzten kalteak salatu zituen protestak. Abiapuntua Astigarragan jarrita, 30 lagun bildu ziren. Bigarren gel- dialdia Hernanin zegoen finkatuta, eta 12.30 aldera, Ergobiako zubian amaitu zuten ekimena.

Elkarlaneko Mikel Alvarezek GARAri azaldu zionez, proiektuak kaltetuko dituen lekuetara hurbildu ziren, eta geldialdi guztietan eremu bakoitzak izango dituen galera ekologikoez mintzatu ziren: «Hernani aldean aipatu beharra dago baserri ingu- ruek kalte ugari izango dituztela, baita haien lurrek ere». Bizilagunekin eta sagardogileekin hitz egin zuten, eta oso kezkatuta agertu ei ziren.

Hernanitik Astigarragara eginda, Urumea ibaia aipatu zuen, bertan tren geltokia egiteko asmoa baitago. «Batez ere, Urumea ibaia bera eta ibaiertz osoak izango dira kaltetuak».

Loiola auzoan egindako geldiunean, Txomin Eneako aldeari jarri zioten arreta: «Hemen egin behar duten operazioa oso gogorra da auzoaren alde honetarako. Gainera, Urumeako autobia eta AHTren Donostiarako sarbideak paraleloak izango direla agertzen du proiektuak». Inguru horretan, AHTk zazpi kilometroko ibilbidea egingo du eta, hortaz, galeraren tamainaz ohartarazi nahi izan zuen.

Ergobian eraiki nahi duten zubi handiaren aurka ere protesta egin zuten: «Kilometro bakoitzeko aurrekontua 54 milioi eurokoa da. Euskal Herriko zati garestiena izango litzateke».

Martxa amaitzeko, Loiolako gaztetxean bazkaria egin zuten beste hainbat kiderekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo