Gasteizko ezker abertzaleak hiri eredua aldatzeko ekimen parte hartzailea abiarazi du
GARA | GASTEIZ
Azken asteotan Gasteizko zeruan batetik bestera «G11» idatzita zuten puxikak ikusi dituzte herritarrek, orain arte zer ziren edo nork jaurti zituen ondo jakin gabe. Bertako ezker abertzaleak atzo jakitera eman zuenez, «Gasteiz Hamaika», abiarazi berri duten ekimenaren berri emateko izan dira, hain zuzen, koloretako puxikok.
Bultzatzaileek adierazi zutenez, Gasteizko ezker abertzaleak martxan jarritako ekimena da; «Udaletik, gure hiriaren oraina eta geroa diseinatzeko ereduak sortzen dizkigun kezkatik» jaiotakoa. Ildo horretatik, salatu zuten gaur egun Gasteizen hiri eredu bakarra dagoela, «PSEk, PPk eta PNVk defendatzen duten hiri eredua», alegia.
«Inguruko hiriekin norgehiagokan eta eredu ekonomiko neoliberalean oinarritzen den hiri eredua sustatzen dute», azaldu zuen ezker abertzaleak kaleratutako idatzian. «Gasteiz munduko mapan kokatzea dute helburu nagusia -gaineratu zuten-, kanpoko kapitala eta turismoa erakartzea». Politika sistema honen ondorioz, haien aburuz, hiria ez da hiritarren beharren arabera eraikitzen, baizik eta bulegoetan, kanpoko arreta erakarri eta «sasimodernitatearen» baitan asmatzen dituzten egitasmoen arabera.
«Hala ere, asko gara -aldarrikatu dute- gutxi batzuen interesei baino, hiritarren beharrei erantzungo dien hiri baten aldeko apustua egiten dugunok, asko gara uste dugunok Gasteiz denon artean eraiki behar dugula».
Ekimen berriaren aurrekariez mintzo, gogorarazi zuten 2007. urtean abian jarri zutela hiri eredu berri baten ildo nagusiak eraikitzeko eztabaida prozesua, eta orain, Gasteiz Hamaikarekin, lan horri jarraipena ematea dutela xede.
Hamaika ideia eta ahots
Ezker abertzalearen irudiko, ekimen berriaren oinarria aldaketaren eztabaida prozesua gasteiztarrekin batera egitea da, alegia, hiritik eta hiritarrentzat. Horregatik, hiri mailako ekimena delako jarri diote «Gasteiz» izena batetik, eta «Hamaika» bestetik, hamaika direlako ideiak, hamaika iritziak eta finean, hamaika ahotsak: «Hamaika gara Gasteiz norabide ezberdin batean eraiki behar dugula uste dugunok, hiritarren mesedetan eraiki behar dugula uste dugunok», adierazi zuten.
Lehen urratsa orain hiri diagnosiaren lanketa izango da. Jakinarazi zutenez, datozen hilabeteetan hiriaren egoera arloz arlo eta auzoz auzo aztertuko dute, egoeraren ahalik eta argazki egiazkoena ateratzeko.
Aurreneko prozesu hau parte-hartzailea eta iritzi, ikuspuntu eta proposamenetan oparoa izan dadin, gasteiztarrek hiru hilabetero postontzian aldizkari bat jasoko dute. Bestetik, zabalik da www.gasteizhamaika.org webgunea, ikuspuntuak plazaratzeko.