Top 14
Onenen artean jarraitzeko gehiago egin behar da
Avironek oso itxura kaskarra eman du berriro ere Jean Dauguer estadiotik kanpo eta datorren denboraldian Pro 2 Mailan jokatu beharko du Baionako taldeak.
MONTAUBAN 22
AVIRON 8
Jon LEUNDA
Bukatu da, eta erarik txarrenean, gainera, aurten Avironek egin duen denboraldia. Zuri-urdinek ezin izan zuten ezer lortu Montaubanen zelaian, eta datorren denboraldian Pro 2 Mailan aritu beharko dute.
Atzokoa finala zuten, baina gauzak hobeto zituzten euskaldunek; berdinketa bat nahikoa zuten mailari eusteko, baina itxura kaskarra eman zuten, aurten Baionatik kanpo jokatu duten gehienetan eman duten modukoa, eta horrela oso zaila da mailari eustea. Atzokoan zerbait gehiago egin beharra zeukaten, baina baloia etxekoei eman zieten beti, eta entsegu bat eta zigor-kolpe bat gauzatuta ezinezkoa da mailari eustea.
Aukera gutxi
Tentsio handiko partida zen atzokoa, biek baitzuten asko jokoan, baina partida askoz hobeto irakurri zuen etxeko taldeak, eta horrek garaipenerako bidea zabaldu zion.
Lehen zatian Montauban askoz ere gogotsuago aritu zen, eta hamalau puntu batu ahal izan zituzten. Euskaldunek Garciak lortutako zigor bati esker hiru puntu batu zituzten.
Bigarren zatian Gajanen mutilak hobeto aritu ziren, baina Montaubanek ederki jakin zuen abantailari eusten, eta, hori gutxi balitz, entsegu bat eta drop bat ere gauzatu zituzten, eta ezer gutxirako balio izan zuen, lapurtarrek lortutako entseguak.
Amaieran aurpegi tristeak ziren nagusi euskaldunen artean, ez jokalarien artean bakarrik, baita zaleen artean ere, ugari joan baitziren Montaubanera. Aurten, ordea, Avironek gauzak gaizki egin ditu, nahiz eta lesioei dagokienez zorterik ez duela izan onartu behar den.
Itxaropentsu ekin zion Avironek denboraldiari, iaz Heineken Kopan sartzetik gertu egon ostean, baina helburuetatik oso urrun ibili dira, eta entrenatzaile aldaketek ere ez dute espero zen eraginik izan.
Avironek arazo asko izan ditu etxetik kanpo eta horrek zeresan handia izan du. Baionan nahiko talde sendoa izan da, baina kanpoan oso ahula, eta amaieran oso garesti ordaindu du aurtengo jarduna.
Avironek zelaian lortu ez duena bulegoetan lor dezake. Montaubanek arazo asko ditu, batez ere diru kontuetan. Federazioak ikerketa abiarazi du, eta eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, frantziarrek datorren urtean Pro 2 Mailan jokatu beharko dute. Une honetan, Avironek maila nagusian jarraitzeko duen itxaropen bakarra Federazioan dauka, eta hark zer erabakitzen duen zain egon beharko du. Montaubanek Top 14an ezin duela jarraitu erabakiko balu, Avironek jarraituko luke.J.L.