GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakako Txapelketako finala

Berriro ere Waltariren sakeak erabaki du auzia

Aurrelari kubatarrak hamabost kintze lortu zituen hasierako jokaldiari esker, eta horrek erabaki zuen lehia.

p054_f02.jpg

WALTARI-ETXETO 40

SORHUET-OZAFRAIN 14

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan eta Waltarik eta Etxetok ez zuten hutsik egin. Txapela uste baino errazago jantzi zuten, gainera. Berriro ere Waltari izan zen protagonista nagusia, 15 kintze lortu baitzituen sakearekin. Hasierako jokaldiarekin horrenbeste kintze lortzen direnean, oso zaila da partida bat galtzea, eta horixe gertatu zen atzo.

Dena dela, partida ez zen hasi espero bezala. Dirua 100 euro 30en aurka atera zen irabazleen alde, baina lehen tantoen ostean bakarren batek edo bestek aldatu ere egin zuen joera. Sorhuet eta Ozafrain oso ongi hasi ziren, eta bazirudien bazutela finala irabazteko aukera.

Neurketa fite hasi zen, abiadura handiarekin, eta kintzeak azkar finitzen zituzten bi bikoek, baina hori partida hasi aitzin ere iragar zitekeen, eta horrelaxe izan zen.

Sorhuet bikain hasi zen. Bazekien zer egin behar zuten, eta pilota atzean jartzen zuen, baita Ozafrainek ere, helburua Etxetori lana ematea baitzen, eta Waltari jokoz kanpo egon zen lehen tanto horietan.

Sorhuet eroso zebilen. Botetik 3 tanto segidan egin zituen, eta atzean Ozafrain ere agintzen ari zen. Bazirudien ezusteren bat ere egon zitekeela, eta hori adierazteko markagailuari begiratu besterik ez zegoen, 1-8 aitzineratu baitziren, eta dirua jokatu zutenak ere estutzen hasita zeuden.

Itxaropen gutxi

Ezusterako tartea, ordea, berehala amaitu zen, Waltari jokoan sartzen hasi zen unean, akabo, ez baitzuen partidak kontatzeko gehiegi izan. Lehenengo 9-9 berdintzea lortu zuten, eta hor ikusi zen berriro ere garaipena nora joan zitekeen.

Ordura arte botetik tantorik lortu gabe zegoen amerikarra, baina behin kintzeak batzen hasi zenean, hasierako jokaldiari esker hamabost tanto egin zituen, ia erdiak, eta horrenbeste tanto lortutakoan ez dago galtzeko tarterik, eta horrelaxe izan zen.

Berdinketaren ostean, partida amaitu egin zen. Waltari sakearekin asmatzen hasi zen, eta aldeak berehala hasi ziren handitzen. Atzean Etxetok ia ez zuen lanik, eta beste aldean, berriz, Ozafrainek soberan zuen lana, baina bere ahaleginak alferrikakoak ziren, boteak itzultzea ia ezinezkoa baitzen, eta partida bazihoala ikusten zuten.

Horretaz Sorhuet ere ohartu zen, eta etsipen puntua ere nabaritzen hasi zitzaien Sorhueti eta Ozafraini, baina batez ere Pausuko aurrelariari, ezin baitzuten errestoan. Aukera zutenean ere ez zuten asmatzen, eta garaipena bazihoala ikusten zuten. Horrelaxe gertatu zen orain dela hiru urte, atzoko final berean baino lau kintze gutxiago lortuta amaitu baitzen norgehiagoka.

Atzokoaren ostean, Waltari egiten ari den denboraldia sekulakoa da. Superprestigioa bereganatu zuen lehenengo, gero Buruz Burukoa, eta orain Binakakoa. Aurtengo denboraldiko laugarren handia, Masterra, alegia, geratzen zaio irabazteko, eta hor ere faboritoen artean geratuko da.

Etxetori ere primeran etorriko zaio atzoko txapela, azkenaldian lesio asko izan baititu eta urte latza pasatu baitu. Orain, atzoko garaipena dezente gozatuko du. Waltarik eta Etxetok elkarrekin 2007. urtean lortu zuten txapela, eta orduan ere atzoko bikoaren aurka.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo