GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Nafarroaren Eguna

Euskararen aldeko aldarrikapena egin dute Baigorrin milaka lagunek

Nafarren eta euskal herritar guztien bilgune bilakatu zen atzo berriz ere Baigorri Nafarroaren Egunaren ospakizunean. Besta giroaz gain, ekitaldian euskararen aldeko aldarrikapenak izan ziren nagusi. Iruñeko manifestaldian parte hartzeko deia zabaldu zuten.

p013_f02.jpg

Ainize BUTRON

Urteroko hitzordu nagusi bilakatu den eguna, Nafarroa goraki aldarrikatzeko gune izateaz gain, lagun eta adiskideak elkartzeko eta trukerako gune ezin hobea izan da aurten ere. Euskal Herriko bazter guztietatik hurbildutako aspaldiko lagunek elkar ikusteko aukera izan zuten. Besta giroan, eta eguzki ederra lagun, aldarrikapenak hartu zuen ekitaldian leku nagusia.

«Gora Nafarroa» handizki zabaldu zen Baigorriko elizako plazan. Bertan, goizeko animazioen ostean, parte hartzaile guztiak han zirela, Basaizea elkarteko kideek hartu zuten hitza, Nafarroan euskararen aurka dagoen «urratze desmartxa» salatzeko. Hartara, maiatzaren 15ean, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko Kontseiluak antolaturiko Iruñeko manifestaldian parte hartzeko deia egin zuten Nafarroaren Egunean. Pantzoa Irigarai, Antton Luku, Mixel Oronoz, Betti Bidart gaita-jotzaileen elkarteko kidea, Paskal Indo Seaskako lehendakaria eta Euskal Irratietako kide Maritxu Lopepe izan ziren bertan dei hori egiten.

Lodosako ikastolari sostengua

Horiekin batera, Kontseiluaren izenean, Oskar Zapata Nafarroako Gobernuak euskara ukatzeko darabilen estrategiaz mintzatu zen, eta «`aski da' esateko ordua iritsi» dela nabarmendu zuen. «Oinarrizko eskubideak nafar askori ukatzen zaizkigu. Nafarrak gara eta euskaraz bizi nahi dugu», aldarrikatu zuen, egun nafar Gobernua euskararen aurka egiten ari den zapalkuntza politika gogoratzearekin batera.

Euskararen aldeko aldarrikapenaren baitan, Lodosako ikastolari sostengua adierazi zioten Baigorrin. Lodosako ikastolako bi gurasoren lekukotasunak entzun ahal izan ziren. Ikastola ixteko arriskuan dago, eta, hari laguntzeko atzoko salgai guztiak hamar zentimo garestiago jarri zituzten, ekimen horrekin bildutako dirua zuzenean ikastolari emateko asmoz.

Presoen borrokarekin bat egiteko deia ere entzun zen atzo Baigorrin. «Presoak borrokan, gu ere bai» lelopean manifestaldia ere egin zuten bertaratu zirenek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo