GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Mumbru profeta izan da Badalonan

Oso neurketa gorabeheratsua jokatu zuten bilbotarrek eta DKV Joventutek. Zortzigarren postutik garaipen bakarrera jarri dira orain.

p032_f01_97x144.jpg

DKV JOVENTUT 66

BIZKAIA BILBAO BASKET 72

Arnaitz GORRITI

Kolpe gogor bat jaso eta gero, garrantzitsuena altxatu eta aurrera jarraitzen jakitea da. Horixe lortu zuen atzo Bizkaia Bilbao Basketek DKV Joventuten aurka 66-72 irabazita. Garaipen honek zortzigarren posturako borrokan bete-betean sartzen du Fotis Katsikarisen taldea, izan ere, Badalonakoekin 14na garaipeneko berdinketa lortu baitu eta, hori gutxi balitz, averagea ere alde jartzea erdietsi du.

Esaera zaharrak dioenez, inor ez da profeta bere herrian, baina atzokoan Alex Mumbruk baieztapen hori gezurtatu zuen. Joventuteko jokalari ohiak ezarri zuen bi taldeen arteko aldea: 22 puntu, 6 errebote, 3 asistentzia eta 37ko balorazioa -jardunaldiko MVP jokalaria izan da- eskuratu zituen. Laguntza ere ez zitzaion falta izan, halere, eta Warrenek, Moisok eta Hervellek ere asko lagundu zioten Mumbruri garaipena eskuratzerakoan.

Partida estua izan zen, gorabehera handiz betea, eta ez zen azken minutuetara arte erabaki. Joventut ere play off-ak jokatzeko borrokan ari da eta garaipenak bilbotarrentzat adina garrantzia zuen kataluniarrentzat. Hala eta guztiz ere, partidaren zati handienean, bigarren laurdenean eta hirugarrenaren aurreneko minutuetan izan ezik, Katsikarisenak izan ziren aurretik, nahiz eta abantaila handirik lortu ez. Defentsek hutsegiteak eragiten zituzten, baina tartean jokaldi eder askoak ere ikusi izan ahal izan ziren. Hala, Eyengaren, Tuckerren eta Hernandez-Sonsecaren bitartez, bizkaitarren erasoko lan aparta berdindu zuten.

Saskiratze garrantzitsuak

Azken laurdenaren hasieran 47-56 irabazten zihoazen beltzezko gizonak. Baina Badalonakoek defentsa asko gogortu zuten -buruz buruko defentsaz gain, 2-3 zonakako defentsak ere min handia eman zion Katsikarisen taldeari- eta 13-4ko partziala lortuz, 60na berdindu zuten.

Une horretan azaleratu ziren bizkaitarren jokalari onenak: Salgado, Hervelle -errebotearen bila egiten duen lanak ez du preziorik- eta, nola ez, Mumbru. Kataluniarrek hirukoen bidez erantzun nahi izan zuten, baina bilbotarren defentsak jaurtiketa txarrak eragin zizkien Tuckerri eta Tripkovici. Play off-ak hurbilago daude orain.

 
 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo