GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

URREZKO AIZKORA

Senosiain I.a arituko da onenekin lehian

p038_f02.jpg

J.L.

Urrezko Aizkorako lehen fasea amaierara iritsi zen ostiral gauean Izarran. Bertan Senosiain I.ak lortu zuen asteazkenean abiatuko den bigarren faseko ligaxkan egoteko txartela.

Sei aizkolari lehiatu ziren, eta horietatik batek besterik ez zeukan bigarren fasean izateko aukera. Azkenean Senosiain zaharrenak lortu zuen txartel hori.

Sei aizkolari bi multzotan banatuta lehiatu ziren, eta lehen fase honetan, multzo bakoitzeko aizkolariak denak denen aurka neurtu ziren, zeinek bi enbor azkarrago moztu. Azkena bakarrik geratzen zen kanpoan.

Etxeberria, Rekondo eta Saralegi ziren lehen multzoan. Azken hau Iñaki Azurmendiren ordez plazaratu zen, Arriarangoak gerrian arazo batzuk baitzituen. Lehen fase honetako onena Etxeberria izan zen, jokatutako bi saioak irabazita. Bigarren, berriz, Rekondo sailkatu zen Saralegiri irabazi eta Etxeberriarekin galduta, eta azkena geratu zen Saralegi, jokatutako bi saioak galdu ostean.

Beste multzoan, berriz, Senosiain I.a izan zen onena, jokatutako bi saioak irabazita. Bigarren, Senosiain II.a izan zen, bere anaiarekin galdu eta Jauregiri irabazita, eta azkena arabarra izan zen jokatutako saio guztiak galduta. Finalerdietan gurutzatuta aritu ziren. Lehen multzoko lehenengoa bigarrengoaren bigarrenaren aurka eta alderantziz. Antonio Senosiainek Rekondori irabazi egin zion, eta azkeneko saioan izateko txartela eskuratu zuen. Beste finalerdian, Felix Etxeberriak Aitor Senosiain menderatu zuen, eta honek ere azkeneko neurketan izateko txartela eskuratu zuen. Amaierako saioan, beraz, bi beterano; Etxeberria eta Senosiain I.a. Azken honek irabazi zuen, eta bigarren fasean izateko txartela eskuratu zuen. Larretxea eta Lopez izango ditu bere multzoan bigarren fasean, eta bigarren multzoan, berriz, Nazabal, Olasagasti eta Arrospide izango dira. Asteazkenean hasiko da bigarren fasea.

Gazteak

18 urtetik beherakoen lehiaketa ere hasi zen Izarran bertan, eta guztira bost aizkolari izango dira. Lehenengo egunean, Eneko Saralegi, Usia, Lopez eta Kortxero lehiatu ziren. Eneko Saralegi izan zen onena, eta bere atzetik Usia, Lopez eta Kortxero sailkatu ziren. Lau horiez gain, Eneko Otaño ere arituko da, eta Beizamakoa asteazkeneko neurketan sartuko da lehian.

Asteazkenean, 23 urtetik beherakoen lehiaketa ere hasiko da, eta maila horretan hamar aizkolari lehiatuko dira, bi multzotan banatuta.

Apustua

Aitzondo-Oarso gizon-proba taldeak eta Izeta II.ak apustua egin dute ekainaren 19an Aian jokatzeko. Gizon-proban 640 kilotan sartuta aritu beharko dute, eta 900 kiloko harria erabiliko dute. Izetak 125eko errektangularra erabiliko du, eta gizon-probako taldeak egiten duen plaza kopuruaren bikoitza jaso beharko du berak ordu erdian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo