GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Artola eta Endika Igartzabal izango dira Osinalde sariko finalean

GARA | DONOSTIA

Larunbat gauean jokatu zen Bertsolari Gazteen 39. Osinalde Sariketaren hirugarren eta azken kanporaketa Ordiziako Argi-Berri elkartean. Epaileen puntuaketaren arabera, Mikel Artolak eta Endika Igartzabalek eskuratu zuten maiatzaren 8an Gabirian izango den finalerako txartela. Entzuleentzat ere, bertsolaririk gustukoena eta ondorioz, XIII. Argi Berri saria eskuratu zuena, Mikel Artola izan zen, antolakuntzak jakinarazi zuenez.

Sei bertsolari aritu ziren lanean; Saioa Alkaiza (Iruñea), Mikel Artola (Alegia), Adur Gorostidi (Larraitz), Endika Igartzabal (Gabiria), Gorka Maiz (Gabiria) eta Ander Solozabal (Gasteiz). Igor Eguren gai-jartzailearen esanetara jardun zuten gazteek eta koplak kantatzeko Josu Albisu eta Aiora Gorostizuren trikiti eta panderoa izan zituzten lagun. Jende asko izan zen bertsolari gazte hauen jardunaz gozatzeko asmoz Ordiziako Argi-Berri Elkartera gerturatu zena. Saioaren amaieran, bertsolarien lana eskertze aldera, Alberto Calvillok, Ordiziako bertso eskolako kideak, «Irriz eta Malkoz» izeneko bertso bilduma bana eman zien sei gazteei. Entzuleek aukeratutako bertsolari gustukoenak, berriz, Mikel Artolak, Joxe Antonio Mujika eskultoreak egindako «Txikia saria» jaso zuen Patxi Calvillo Argi-Berri elkarteko presidentearen eskutik. (Lazkao Txiki zenaren ezizena du eta Txindoki egurra eta arbela uztartzen dituen eskultura da.)

Maiatzaren 8an, Gabiriako Osinalde Elkartean jokatuko da Bertsolari Gazteen 39. Osinalde Sariketako final nagusia. Bertan honako sei bertsolari hauek arituko dira. Idiazabalgo Elizalde elkartean sailkatutako Julen Agirre eta Hodei Iruretagoiena, Gabiriako Aztiri Bat elkartean sailkatutako Ainhoa Mujika eta Odei Barroso eta larunbatean Ordizian sailkatutako Mikel Artola eta Endika Igartzabal.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo