Bilboko Arte Ederretako museora gonbidatu dute «Deidamiaren bahiketa», Rubensen margolana
Maisu barrokoaren mihisetzarra Bilboko museoan izango da ikusgai datorren irailaren 5era arte, beste erakunde batzuek aldi baterako utzi margolanak erakusgai jartzen dituen Obra Gonbidatua programan.
Anartz BILBAO | BILBO
Obra Gonbidatua programaren barruan, Bilboko Arte Ederretako museoak Peter Paul Rubens maisu barrokoaren mihise handi bat aurkeztu zuen atzo. Aipatu programak beste erakunde batzuetako lan esanguratsuak erakusgarri jartzen ditu museoan, 2001a geroztik. 30 deialditan besteak beste, Obra Gonbidatu legez Zurbaran, Tintoretto, Monet, Picasso edota Chillidaren lanak izan dira ikusgai Bilboko museoan.
«Deidamiaren bahiketa» da aipatu berri dugun lana, egun Madrileko Prado museoak jabetzan duena. Eta berarekin, 182 x 290 cm-ko margolanarekin batera, artelanari dagokion zirriborroa ere -Bruselatik espresuki ekarria-, ikusgai jarri dute ondoan, sorkuntza prozesua hobeto ulertzen laguntzeko. Lana Felipe IV.ak egindako agindu zabalago baten parte da, eta Madril kanpoaldeko Torre de la Parada ehiza pabiloia apaintzeko sortako mihisea dugu, 1636-1638 bitartean egina.
Antzinaro klasikoa
Ederra da Rubens (1577- 1640) artistaren lana, eta sutsua Ana Sanchez-Lassa de los Santosek, museoko kontserbatzaileak, egin zuen beronen deskribapena.
Kontserbatzailearen esanetan, «gai mitologikoa agertzen du mihiseak, Rubens Antzinaro klasikoa ondo ezagutzen zuen gizon jantzia zen-eta». Ovidioren metamorfosietan du oinarri artelanak, «eta lapiten eta zentauroen arteko borroka agertzen du, azken hauek Deidamia (edo Hipodamia) bahitu nahian dabiltza-eta». Artelanak, zalantzarik gabe, «mugimendu handia jasotzen du».
Rubens maisuaren sorkuntza hobeto ezagutzeko, gainera, ezohiko hitzaldi bat antolatu du museoak gaurko (19.00etan eta auditoriumean); Prado museoko Pintura Flandestarraren eta Iparraldeko Eskoletako Pinturaren Kontserbazio buruak, Alejandro Vergarak emango duena, «Rubens eta Antzinaro klasikoa» gai hartuta.