GARA > Idatzia > Kultura

Dantzari gazteen topagune eta erakustoki izango da bigarren urtez udaberriko T Danz ekimena

Pragako Junior Balleta, Kataluniako IT Dansa eta Gipuzkoako Dantzaz konpainiek bat egingo dute aurtengo udaberriko T Danz topaketetan. Maiatzaren 7tik 15era dantza garaikidea izango da protagonista.

p043_f01_147x100.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Maiatzaren 7tik 15era dantza garaikidea landuko dute elkarrekin dantzari gazteen hiru taldek: Txekiako Balet Praha Junior, Kataluniako IT Dansa eta Gipuzkoako Dantzaz konpainiak. Bertan ikasitakoa jendaurrean erakusteko emanaldiak ere egingo dituzte aldi berean. Donibane Garazi, Donostia eta Azkaine izango dira dantza saioen lekuko. Horrez gain, beste konpainia batzuen laguntzarekin, kale jaialdia ere egingo dute udazkenean.

«Junior konpainia garrantzitsuak izanen dira aurten T. Danz topaketetan», adierazi du Filgi Claveriek, Dantzaz taldeko zuzendari eta topaketetako antolatzaileetako batek. Hiru konpainiek esperientziak trukatzeaz gain, ikusleentzako zenbait ekitaldi ere eskainiko dituzte.

«Topatu eta trukatu, helburu horiekin ibiltzen gira gure eguneroko lanean. Eta Dantza sailean lan egitearekin, oihartzun eta indar gehiagorekin murgiltzen gira, hizkuntzaren mugarik ez izanez», nabarmendu dute Baxenabarreko Herri Antzokiko, Garazikuseko arduradunek.

Donostiako Dantzaz taldearekin elkarlanean Garazikus elkartea, Donostiako Kultura zerbitzua eta Eihartzea elkartea arduratu dira antolakuntzaz eta egonaldien kudeaketaz. T Danz topaketen bigarren edizioa da aurtengoa. Akitania-Euskadi funtsaren laguntza ezinbestekoa dute ekimena gauzatzeko. Hiru urterako diru laguntza lortu badute ere, etorkizunera begira, beste diru iturri batzuk lortzea espero dute antolatzaileek.

Gazteak jendaurrean

Jendaurrean egingo dituzten emanaldietan lehena Donibane Garazin izango da. Maiatzaren 7an Vauban gelan IT Dansa taldea ikusteko parada izanen da. Biharamunean, Balet Praha Juniorren txanda izanen da Baxe Nabarreko hiriburuan. Maiatzaren 13an, Azkainen, Dantzaz taldearen errepika publikoa eginen da Elkarteen etxean. Beskoitzen, egun berean, ikastaro berezi bat izango dute gazte dantzariek.

Balet Praha Juniorrek, IT Dansa eta Dantzaz konpainiek trukaketa eta transmisioa landuko dute Donostian astebetez. Lan hori gidatzen Valentziako Inma Rubio koreografoa arituko da. Maiatzaren 15ean Donostiako San Martin plazan performance bat egingo dute, eta bertan erakutsiko dute dantza topaketotan ikasitakoa.

Gipuzkoako hiriburua beste hiru emanaldiren lekuko izango da. Gazteszenan maiatzaren 8an IT Dansa arituko da eta biharamunean txekiarren txanda izango da. Maiatzaren 14an Artelekun hiru konpainietako errepika publikoa izango da.

TRUKAKETA

Astebetez hiru dantza konpainiek trukea eta transmisioa landuko dute Donostian. Lan hori gidatzen Valentziako Inma Rubio koreografoa arituko da.

Fitxa

Tokiak: Donibane Garazi, Azkaine eta Donostia.

Data: Maiatzaren 7tik 15era

Antolatzaileak:

Garazikus, Baxenabarreko Herri Antzokia; Dantzaz konpainia, Donostia Kultura eta Eihartzeta kultura elkartea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo