GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Bergararen ustez, igoera lortzeko ez dago aitzakiarik

Elgoibarkoak Illarramendirekin osa lezake gipuzkoarren zelai-erdikoa larunbatean. Bestalde, atean jarraitzeko «eginahalak» egingo dituela aitortu du Riesgok.

p034_f01_097x160.jpg

GARA | DONOSTIA

Entrenatzaile eta futbol munduko aditu ugarik diote zelai-erdia partida bateko tokirik garrantzitsuena dela. Hori galduz gero, edota aurkariari eremu hori libre uzten bazaio, norgehiagoka kontrolpean edukitzeko gaitasuna galtzen da.

Realak asteburu honetan Rayo Vallecanoren aurka jokatu beharreko neurketari begira, zelai-erdikoa zulatuta duela esan liteke. Rivas eta Elustondo lesionatuta daude, eta Mikel Aranburuk ezin izango du jokatu bi txartel hori jaso zituelako igandean. Lehiaketa Batzordeak bigarren txartela kendu zion atzo, Realak alegazioak aurkeztu ondoren. Hala ere, azpeitiarrak ezin izango du jokatu, epaileak atera zion lehenengoa bosgarrena duelako.

Arazo hauen aurrean, Martin Lasartek Markel Bergara sar lezake hamaikakoan. Elgoibarko jokalaria bigarren planoan egon da denboraldian zehar, baina bere aukera aprobetxatzen ahaleginduko da Rayoren aurkakoan. Gipuzkoarraz gain, harrobiko Illarramendi ere hasierako hamaikakoan egon liteke.

Vallecaseko taldeari buruz mintzatu zen atzo Markel Bergara. «Talde handia du. Lehen Mailara igotzeko taldea zuen eta lehen hiru taldeen artean egongo zela uste nuen, baina konfiantza jaisten joan da handik», adierazi zuen gipuzkoarrak.

Larunbateko partidari berari dagokionez, «konfiantzarekin joan behar dugu garaipenaren bila» adierazi zuen, eta hainbat jokalarien bajengatik zailtasunak dituztela onartu arren, gaineratu zuenez, «ez dago aitzakiarik, hortxe dugu [Lehen Mailara igotzeko aukera]».

Horretarako, garaipena lortzeko, zaleei eskatu zien denboraldi osoan egin duten era berean, larunbatean Anoetara joan daitezen, taldeari aupada emateko.

Riesgok titular jarraitu nahi du

Elgoibarkoa ez zen atzoko protagonista bakarra izan. Asier Riesgok, hasiera batean Eñaut Zubikarairen ordezkoa izan behar zuenak, Cartagenaren aurkako azken neurketa jokatu zuen, nahiz eta Ondarroakoa jokatzeko prest egon. Riesgok hamaikakoan egoteko lanean jarraituko duela ziurtatu zuen: «Entrenatzailea atean nor jarri pentsatzen zegoen, eta zalantza zuen Zubikarai eta nire artean nork jokatuko zuen. Horregatik oso pozik nago eta gogo handia daukat jokatzen jarraitzeko. Nire aldeko apustua egiten jarrai dezan ahal dudan guztia egingo dut».

Mikel aranburu

Aranbururi igandean Cartagenaren aurkakoan jaso zuen bigarren txartel horia kendu zion atzo Lehiaketa Batzordeak. Azpeitiarrak ezingo du Rayoren aurka jokatu, ordea, jada bost txartel baititu zuri-urdinen kapitainak.

rayo vallecano

Madrildarren aurrelari Piti-k ez du Realaren aurkako neurketa jokatuko zuntz haustura bategatik. Bestalde, Yumak, Cobeñok eta Ruben Reyesek gainerako taldekideekin egin zuten atzoko entrenamendua.

Emakumeek Torrejon izango dute aurkari Kopan

Realeko emakumezkoen taldeak historia laburra du, berez, baina pixkanaka behetik gora doala erakusten ari da. Hala, zuri-urdinak lehen aldiz lehiatuko dira aurten Kopan.

Javi Garmendiak zuzentzen duen taldeak Torrejon de Ardozen jokatuko du igandean txapelketa honetako final-zortzirenetako joaneko neurketa. Itzulikoa, aldiz, datorren maiatzaren 9an izango da Zubietan. Donostiarren aurkariak lidergoan amaitu du C taldean Superligako bigarren fasea. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo