GARA > Idatzia > Kultura

«Zugan ni» gazteentzako antzerki jaialdia gaur abiatuko da Zornotzan

GARA | BILBO

Aurtengo «Zugan ni3» gazteentzako antzerki jaialdia gaur hasiko da Zornotza Aretoan. Jaialdia orain hiru urte sortu zuten Durangaldean, Markeliñe taldearen ekimen bati esker, «gaztetxoen artean antzerki zaletasuna bultzatzeko helburuarekin».

Markeliñekoen esanetan, «konturatuak ginen haurrentzako antzerki emanaldiak bazirela -ikastetxeetan ere lantzen dira-, baita helduentzako ere, baina gazteak antzokietatik desagertuak zirela». Eta beraz, Durangaldean ikastaro batzuk emateari ekin zioten, «antzerkia jolas gisa aisialdia betetzeko zein beraien nahi, kezka eta hausnarketa agertzeko interesgarri egingo zitzaielakoan». Eta orain, ikasitakoa taularatzeko beta dute, taldeka lantxo bana prestatu, eta protagonista bihurtuta.

Bi astetan zehar, Zornotza, Igorre, Durango, Iurreta eta Elorrioko zazpi taldek landutako antzezlanak taularatuko ditu jaialdiak. Gaur hasi eta errenkadan etorriko dira beste hitzordu guztiak, maiatzaren 7an epaimahaiak irabazleak nortzuk diren jakinarazi arte.

Urduritasunak eta beldurrak nabariak dira parte-hartzaileen artean, baina hauek uxatu eta oso ikuskizun interesgarri eta dibertigarriak prestatu dituzte, antzerkia gazteek sortu bezala taula gainean eta beraiek emana ikus dezagun.

Antzezpenak antzokietan

Gaur, Zornotzan, Igorre eta Zelaieta taldeak izango dira protagonista. Lehenek «Famatuen terapia» antzeztuko dute bertan, eta bigarrenek berriz, «Tb show» antzezlana. Bihar Iurretako kultur etxean izango du segida jaialdiak. Bertan, Iurretak «Gustatzen zaiguna» taularatuko du, eta Durangok «Sagarkunetatarren haserrea» erakutsi. Eta etzi, ostirala, berriro Zornotza aretora joko du jaialdiak. Honakoan Karmelo taldeak «Don Quijote Cabalga de nuevo» lana emango du argitara, eta Igorre 2 taldeak «Makal Azpian» antzeztu (Elorrioko taldeak hurrengo astean emango ditu «Orban gorria» antzezlanaren saio biak).

Jaialdiak egun batzuez arnasa hartuko du gero, eta maiatzaren 4an indarberriturik bueltatuko da eta antzezlan bakoitzaren bigarren txanpa eman, talde bakoitzak bere herrian ez ezik, ondoko batean ere antzezlana egin dezan, behin gutxienez.

Behin zazpi taldeek bina antzezpen eginda, sari banaketa egingo dute maiatzaren 7an Igorreko Lasarte aretoan, ekimenean parte hartu duten talde guztiak bertan daudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo