GARA > Idatzia > Mundua

Letermek alderdiaren zuzendaritza utzi du, erreforma burutzeko gai ez delako

Hizkuntza eskubideen afera dela-eta Belgikak bizi duen krisia egunetik egunera areagotzen ari da. Atzo, Yves Leterme lehen ministro ohiak CD&V alderdiaren zuzendaritza utzi zuen beharrezkoa den erreformari heltzeko gai ez dela onartu eta gero.

GARA |

Belgikako lehen ministro Yves Letermek dimisioa aurkeztu zuen joan den astean, eta CD&V flandiar alderdi kristau-demokratako zuzendaritza utzi berri du. Horiek horrela, Leterme ez da izango CD&Vren hautagaia, uste guztien arabera ekainean izango diren hauteskundeetan. Flandriak autogobernu maila handiagoa izatea bermatzeko erreformak egingo zituela agindu zuen Letermek 2007ko bozketetan. Oraingo dimisioa, beraz, porrotaren isla da, Letermek berak atzo Bruselan egin zuen agerraldian onartu zuenez.

Marianne Thyssen izango da Letermeren lekukoa hartuko duena Flandria eta Belgikako alderdi nagusiaren zuzendaritza lanean.

«Datozen hilabete eta asteotan Marianne Thyssen alderdiburu eztabaidaezina izatea nahi dut. Baita alderdiko Senaturako zerrendaburua ere», adierazi zuen Letermek.

Senaturako zerrendaburu postua alderdiburuek bete ohi dute Belgikan.

Belgikako Parlamentuko bi ganberen desegitearen gaineko erabakirik hartu gabe zeuden atzo. Halere, aste honetan Albert II.a erregeak onartu egin du gobernuburu izateari uzteko Letermek aurkeztu zuen dimisioa, eta horrek erakusten du aterabide bakarra ekainean hauteskundeak antolatzea dela, ezinezkoa izan baita ordezkorik aurkitzea.

CD&V alderdiaren zuzendaritza utziz azken hiru urteotako Belgikako Gobernuaren porrota onartu zuen Letermek. Aldi honetan dimisioak eta flandriar eta waloniarren arteko liskarrak nagusi izan dira.

2007ko hauteskundeak irabazi zituen, Flandriak zuen autogobernu egarria asetzeko beharrezkoak ziren erreforma instituzionalak egingo zituela agindu ondoren. Hala, Brusela inguruan waloniarrek dituzten hizkuntza-abantailak kentzeko «bost minutu baino ez» zituela beharko adierazi zuen.

Baina hitzetatik ekintzetara jotzeko orduan, Leterme ez zen gai izan agindutakoa betetzeko, Gobernuan zeuden alderdi waloniarrek afera honetan konponbide guztiak oztopatu zizkiotelako.

Hizkuntza eskubideen auziak ez zuela ez aurrera, ez atzera egiten ikusita, Open VLD alderdi liberal flandriarrak Letermeren Gobernua uztea erabaki zuen, egun indarrean dagoen krisia eraginez. Egoera bitxia izan daiteke CD&Vrentzat, flandriarren hizkuntza eskubideak eta autogobernua Open VLDrentzat baino berarentzat askoz ere garrantzitsuagoak direla kontuan hartzen bada. Rol-truke honen azpian egon litekeena da Open VLDren zuzendaritzako kide gazteenak ohartu izana autogobernuaren aldarrikapena boto iturri izan daitekeela.

Esanguratsuak dira CD&Vren lider berriaren, Thyssenen, hitzak: «Guk ez dugu Belgikarekikoak amaitzea nahi, beharrezkoa den erreforma egitea dugu helburu. Ez gara ari kaosaren alde».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo