GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Delorean

 

Delorean taldeak nazioartean ospea hartu duenetik, dena da albiste Zarauzko mutilen inguruan. Guztiak dabiltza pozarren, behingoagatik «euskal» talde batek gure herri txikiko mugak hautsi dituelako, irabazleen klub selektoan sartu delako. Klub horretan ahalik eta bazkide gehien izatea da gure herri kaskar honen anbizioa, ikusten denez. Sortzaile guztion ametsa da ahalik eta irakurle, entzule edo ikusle gehiengana iristea; «proiekzioa» izatea. Zirkuko pailazo bilakatzera edo sinesten ez ditugun gauzak esatera hel gaitezke borroka horretan. Beste bide bat izan ohi da euskara baztertu eta hizkuntza menperatzaileren batean jardutea, ingelesez edo gaztelaniaz.

Halako erabaki baten atzean, beti dago proiekzioaren mamua, edo, bestela esateko, bazterreko izateko izua eta angustia. Bitxia badirudi ere, hizkuntza, euskarazko sortzaileentzat, beti izan da aldeko faktorea. Euskaraz jarduteak salbatu gaitu putzutik asko eta askotan, euskarak, hiztunak baino, militanteak dituelako. Baina beti dago gure merkatu txikitik atera nahi eta, horretarako, beste hizkuntzaren batean jarduten denik. Ez naiz, bistan denez, Mikel Erentxunez ari, ze honek bere hizkuntzan egiten baitu, aitak irakatsitako gaztelania ederrean. Baina orain, Deloreanean adibideari jarraikiz, askok pentsatuko dute: ingelesez arituko banintz!, eta akaso horixe nahiko luke botereak ere, hizkuntza txikietan aritzen direnak mundu globalerantz salto egitera ausartzea. Baina nork salbatuko ditu talde horiek bakardadetik ingelesez edo gaztelaniaz jarduteagatik hemen ere kasurik egiten ez dietenean?

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo