Legeak lege, botereak ezarritako injustizien aurka egiteko asmatu zen desobedientzia zibila
Guztion ahotan dabil Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lakuako Gobernuak hezkuntza alorrean ezarri nahi duen doktrinamendu plana, baina gutxik aipatzen dute Nafarroan are bortitzagoa den plan bat lege bihurtu dutela iragan astean. Anekdotez gain -Nafarroa Baiko parlamentari Joseba Eceolazak lege horren alde bozkatzea anekdotikoa da, bere alderdia, Batzarre, egun Nafarroako politikagintzan den bezain anekdotikoa-, planaren mamia da garrantzitsua. Eta argi dago plan horrek ez duela ez pedagogiaz ez eskubideez hitz egiten, inposaketaz baizik.
Gurasoen eta irakasleriaren lanetako bat, funtsezkoena zalantzarik gabe, beren haurrak eta ikasleak heztea da. Heztea, ordea, ez da gauzak inposatzea, jarrera kritikoaz pentsatzen irakastea baizik. Ondorioz, helburu hori betetzeko inposaketari aurre egin behar baldin badiote, desobedientziara jo beharko dute beren eguneroko jardunean. Ez dira horretan lehendabizikoak izango eta euskal hezkuntzaren historian ere ez da lehendabiziko aldia izango. Areago, ikastolen historia horixe da: inposaketa kultural eta linguistikoaren aurka, haurrak askatasunean hezteko saiakera.