GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal unibertsitatea aldarrikatuko dute Hernanin Euskal Unibertsoa ekimenean

Seigarrenez, EHBEk antolaturiko Euskal Unibertsoa ekimena egingo da maiatzaren 8an. Aurtengoan, gainera, Hernanin irudikatuko eta aldarrikatuko dute euskal unibertsitatea. Herritartasuna, euskara eta eleaniztasuna, ikerketa eta parekidetasuna izango dituzte ardatz.

GARA |

Iazko edizioan ekimena herriratzeko hartutako erabakiari jarraituz, Euskal Unibertsoa `10 Hernanin egingo du aurten Euskal Herriak Bere Eskolak. «Herri jakintza nahi dugu, eta jakintza herriarentzat nahi» lelopean maiatzaren 8an izango da euskal eskola nazionalaren gainean, eta sakonago euskal unibertsitatearen gainean, hausnartzeko eguna.

Euskal Unibertsoa unibertsitate mailan urteroko ekimen bihurtzeko asmoz jaio zen. Funtsean, Euskal Unibertsoak, egun batez, EHBEko kideen hitzetan, «Euskal Unibertsitatea irudikatzea eta aldarrikatzea du xede». Horretarako, euskara hutsean, «edukiz jantziriko» saio eta ekitaldi kulturalak prestatu dituzte.

Hala, unibertsitate euskaldunaren «irudikapena» eta «aldarrikapena» egiteaz gain, «haren aldeko masa soziala aktibatzea» dute helburu EHBEko kideek. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, aurtengo edizioan hainbat gauza nabarmendu nahi dituzte. Alde batetik, herritartasunari garrantzia eman nahi diote; «unibertsitatearen izaera azpimarratzearekin batera, berau proiektu herritarra izanik, herritarren inplikazioa bilatzen dugu», azaldu zuten. «Herri guztiek behar dute beren iraupenaz eta garapenaz arduratuko diren pertsona trebatuak heziko dituzten goi mailako hezkuntza eta ikerkuntza, alegia, unibertsitate propio bat», azaldu zuten.

Lau ardatz nagusi

Maiatzaren 8rako, beraz, goiz osorako egitaraua prestatu du EHBEk. Goizeko bederatzietan harrera eta izen-ematearekin batera hasiko da eguna. Hain justu ere, lau ataletan banatuko dute goiza. Hortaz, herritartasuna izango da aurtengo Euskal Unibertsoaren lau ardatzetako bat, euskara eta eleaniztasunarekin, ikerketarekin eta parekidetasunarekin batera. Hartara, herritartasunari buruzko atalean, Euskal Herrian garatutako herri proiektu batzuen inguruan jardungo dute, hala nola eskola txikiez eta Euskarazko Komunikazioa taldeaz.

«Euskal eleaniztasuna hezkuntzan» izeneko atalean, puri-purian dagoen gaia jorratuko dute: ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko prozesua. Kontseiluak egindako ekarpenaz gain, Kataluniako esperientzia ere izango dute hizpide, Pere Mayans Generalitateko Hezkuntza Saileko hizkuntza teknikariaren eskutik.

Ikerketari ere arreta berezia eskainiko diote aurtengoan, «herriaren iraupenean eta garapenean duen garrantzia aintzat harturik». Ikerketak Euskal Herrian duen egoeraren argazkia egin, eta jarduera horrek jorratu beharreko bideaz eztabaidatzeko asmoa agertu du EHBEk. Horrela, etorkizunari begira, «ikerketak nazio eraikuntzari egin beharreko ekarpena marrazten hastea» du helburu taldeak.

Azken ardatza gizon eta emakumeen arteko berdintasuna izango da. Unibertsitateak gizarte eredu parekidea bultzatu behar duela uste du EHBEk. Hori dela eta, «hezkuntza eredu hezkidetzailea» aztertuko dute, besteak beste, tailer praktikoen bidez. Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Nahia Eguzkizagak, Ana Revueltak eta Oihana Etxebarrietak gidatuko dute atal hori. Egun horietan Hernanin Euskal Herriko emakume gazteen topaketak ere egingo direla aintzat hartuta, EHBEk «unibertsitatearen izaera hezkidetzailea» indartu nahi du; «unibertsitate propio batek parekidetasuna lortzera bideratu beharko du bere jarduna».

goiz osoa

Goizeko bederatzietan izen-ematearekin hasiko da Euskal Unibertsoa ekimena. Gero, 9.30etik 13.00etara hainbat tailer eta hitzaldi izango dira Langile Ikastolaren Santa Barbara eraikinean. Eguerdian, bazkaria egingo dute Tilos plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo