GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Biarritz, Heineken Kopako finalerdietan

Pariserako bidean azken oztopoa gainditzera

Lapurtarrek garbi dute Anoetak garrantzi handia izango duela aurrera egiteko garaian, baina baita jokalariek beren mailarik onena emateak ere.

p037_f01_14020.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzeko jokalari batzuk eta zuzendaritza tekniko osoa, Serge Blanco gidari zutela, hedabideen aurrean agertu ziren atzo, igandean 16.15etik aurrera Anoetan Munsterren aurka jokatu beharreko Heineken Kopako finalerdiei buruz hitz egiteko. Jakin badakite irlandarrak direla faborito, baina maiatzean Parisen jokatuko den finalean izango diren itxaropena dute.

«Munsterrek selekzioetan jokatu ohi duten 12 edo 13 jokalari ditu, eta agian Leinsterrekin batera egun dagoen talderik onena izango da. Baina gu ere finalerdietan gaude, eta hori zerbaitegatik da. Azkenaldian Estatu frantseseko Ligan ari diren taldeak dira gehien gora egin dutenak, eta horrek indarra ematen digu», esanez hasi zen Serge Blanco, taldeko arduradun nagusia.

«Badakigu Irlandatik zale ugari etorriko dela, nahiz eta ez dakigun zehazki zenbat, baina garbi dago geure aldekoak askoz ere gehiago izango direla, eta horrek ere zerbaitetarako balio behar du», gaineratu zuen.

Blancoz gain, zuzendaritza tekniko osoa agertu zen hitz egiteko prest. Laurent Rodriguezek, taldeko managerrak, esan zuenez, taldea aspalditik dago partida honen zain: «Jokalariak aspalditik ari dira hau prestatzen, era guztietan. Hendaian batuko gara, baina xehetasun tekniko eta taktikorik ez dugu emango, hori aurkariari abantaila ematea baita. Guk badakigu partida zaila dela, baina etxean arituko gara, eta horrek baikor izateko aukera ematen digu», aitortu zuen.

Isaacek, hots, taldeko gibelekoen entrenatzaileak ere bide beretik jarraitu nahi izan zuen: «Kezkak etxean utzi behar ditugu. Taldea buruz sendo dago, eta irabazteko geure aukerak baditugu. Horretarako, ordea, ahuleziarik ezin dugu erakutsi, eta hutsak ere gutxi egin ahal izango ditugu», esan zuen.

Traille ez da arituko

Biarritzek, ordea, bajak izango ditu eta batzuk oso garrantzitsuak. Traille ez dago jokatzeko moduan, besoan arazoak dituelako, eta Jean Michel Gonzalez entrenatzaileak esan zuenez, azken unera arte ez dute erabakiko Imanol Harinordokik jokatuko duen ala ez.

«Imanol sudurra hautsita dago, eta ikusiko dugu nola dagoen. Aurpegirako eta batez ere sudurrerako babesgarri berezi bat izango du, eta uste dugu jokatzeko moduan egongo dela, baina oraindik ezin dugu hori ziurtatu», esan zuen.

Partidari begira, berriz, Anoetan jokatzeak eta taldeko lana ongi egiteak garrantzi handia izango duela esan zuen: «Oso aurkari indartsua izango dugu aurrean, eta badakigu ez dugula neurketa erraza izango. Anoetan jokatzea oso garrantzitsua da, oso ongi moldatzen baikara zelai horretan, baina ez da nahikoa. Talde lan handia egin behar da, burua hotz izan, eta huts gutxi egin. Hori dena lortzen badugu, uste dut izango ditugula Parisen izateko aukerak», esan zuen.

Jokalarien ordezkari, Jerome Thion aritu zen hizketan, eta berak ere Anoetan jokatzeak duen garrantziaz hitz egin zuen: «Anoeta guretzat oso zelai ona da, eta horrek indarra eman behar digu. Hala ere, taldeko lana eta diziplina garrantzitsuak izango dira, eta hutsik egiterik ere ez dago. Haiek hankekin ongi moldatu ohi direnez, zigorrak egiterakoan ere tentuz ibili beharko da», esan zuen kapitainak. Finala Parisen izateak ere bultzada ematen duela onartu zuen, baina oraingoz burua Anoetan dutela.

Sarrerak oraindik badaude, bai Biarritzen eta baita Donostian ere. Biarritzen klubean edo Internetez eros daitezke, eta Donostian Anoetako seigarren leihatilan daude. Biarritzen bulego ordutegian erosi ahal izango dira eta Donostian, berriz, 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara.

Min Hartutakoak

Hutsune nabarmena izango du Biarritzek igandean, Traillek besoan min baitu eta ez baitago jokatzeko moduan. Harinordokik, berriz, sudurra hautsita du, baina babesgarri batekin jokatzeko moduan izatea espero da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo