GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Larretxea eta Nazabal, finalerdietatik gertu

p037_f02_32648.jpg

J.L.

Donato Larretxea eta Floren Nazabal Urrezko Aizkorako finalerdietatik gertu daude, atzo final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian irabazi ostean Senosiainen eta Olasagastiren aurka.

Horrek ondorio garbi bat uzten du. Senosiainek eta Olasagastik hurrengo jardunaldia irabazi ezean, lehiaketari agur esango dietela, eta atzoko bi irabazleak finalerdietan izango direla. Bestela hirugarren jardunaldi bat jokatu beharko da. Maiatzaren 8an Olasagastik Arrospideren aurka jokatu beharko du, eta Larretxea Lopezen aurka neurtu beharko da.

Bi saioetan aizkolariek lan bera egin behar izan zuten. Hasteko, 45 ontzako enbor bat zeinek azkarrago moztu neurtu ziren. Jarraian, erlojuz kontra 45 ontzakoa erdibitu behar izan zuten. Hirugarren lanean, 60 ontzako enborra moztu behar izan zuten, eta azkenaurreko lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituzten.

Goizean, Larretxeak ez zuen eragozpenik izan garaipena lortzeko garaian. Kolpekakoa 38 kolpetan moztu zuen, eta baten aldea kendu zion Senosiaini. Erlojuz kontrakoa, 50 segundoan bota zuen, eta hiruren aldea kendu zion Senosiani. 60 ontzakoa minutu eta 52 segundoan bota zuen Donatok, eta segundo baten aldea kendu zion Senosiani. Zutikako lanean erabaki zuen neurketa. Minutu eta 56 segundoan amaitu zituen lanak Larretxeak, eta 3 minutu eta 15 segundoan, berriz, Olaguekoak. Iraupen proban, 11.14 izan zen Larretxearen denbora eta 13.36 Senosiainena. Denetara, 16 minutu eta 30 segundo behar izan zituen lan guztiak egiteko Larretxeak, eta 20 minutu eta 16 segundo Senosiainek.

Arratsaldean ere, Nazabalek eragozpenik gabe menderatu zuen Olasagasti. Kolpekakoan, 42tan moztu zuen 45 ontzakoa, eta Olasagastik 58tan. Erlojuz kontrakoan, 55 segundoan amaitu zuen enborra Nazabalek eta minutu eta 18 segundoan Olasagastik. 60 ontzakoa minutu eta 36 segundoan bota zuen Etxarrikoak, eta 2 minutu eta 28 segundoan Igeldokoak. Zutikakoa, 2 minutu eta 2 segundoan bota zuen Nazabalek, eta 53 segundo gehiago behar izan zituen gipuzkoarrak. Iraupen proba 10 minutu eta 40 segundoan amaitu zuen Nazabalek, eta 11 minutu eta 21 segundoan Olasagastik. Denetara, 15 minutu eta 55 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta 19 minutu eta segundo bat behar izan zuen Olasagastik.

Gazteak

23 urtez azpiko lehiaketa atzo abiatu zen, eta lehen kanporaketan Vazquezek egin du aurrera Alkizalete II.a menderatuta. Hasteko 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu behar izan zuten, eta ondoren hiru kana-erdiko moztu. Vazquezek 10 minutu eta 55 segundoan burutu zituen lanak, eta 11 minutu eta 22 segundoan Alkizaletek.

18 urtez azpikoetan Saralegik irabazi zuen bigarren jardunaldia ere. Bigarren Kortxero sailkatu zen, eta hirugarren postua Otañorena izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo