GARA > Idatzia > Kultura

Kaleko arte adierazpen anitzek bat egiten dute Maimorablesen

Maimorables jaialdia izango da maiatzean kaleko arte adierazpenen ordezkari nagusia. Baiona, Angelu eta Bokalen adierazpen artistiko anitz eta askotarikoek plazaratzeko aukera izango dute hamargarren urtez. 24 ekitaldi izango dira maiatzaren 2tik ekainaren 4ra.
p042_f01_148x111.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Azken bederatzi urteotako izpirituarekin bat eginez, arte adierazpen askotarikoak izango dira Maimorables jaialdian, bereziki Baiona inguruetako biztanleengana iritsi nahian. Hala, hip-hop lehiaketa -«kaleko» izaerari berez atxikia-, musika ekimen anitz, antzerkia, piknik animatua eta dantza ikastaroak egingo dituzte, besteak beste.

Ekimenaren kaletartasunarekin bat etorriz, berrikuntzak egin dituzte aurten, bereziki, parte-hartzearekin zerikusia dutenak. Izan ere, 24 ekitaldi izango dira maiatzaren 2tik ekainaren 4ra, eta hala, hitzorduak asteburuetan zein astegunetan jarri dituzte.

Jaialdiaren kaletartasuna goraipatu nahi dute antolatzaileek, eta gizartean zabaldu. Baiona iparraldean duen integrazioa azpimarratu nahi izan zuen Baiona eta Euskal Kostaldeko Antzoki Nazionaleko presidentea den Jean-Michel Baratek: «Auzoetan adierazpen eta izpiritu irekidura tokiak atzemanen dira, Maimorablesen baitan».

Gizartearen eta bereziki elkarteen parte-hartzearen ondorio diren berritasunak ikusiko dira hamargarren edizio honetan. Horren erakusgarri antolatuak izan diren tandemak aurkeztuko dira; hau da, herritarrak ekintza baterako bildu, eta horrekin zerikusia duen ikuskizun bat izango dute osagarri.

Esate baterako, Maimorables jaialdiari hasiera emango dion ekimenean, maiatzaren 2an, Saint Etienneko MVCan, «ganbara hustea» egingo dute, herritarrak bertan parte-hartzera bultzatuz, eta ondoren, Créature konpainiak "C'est la lune qui me l'a dit" lana antzeztuko du bertan.

Hiritar ekintzaileak

«Aurtengo edizioan izan den aldaketa eta berrikuntzetako bat hiriko ekintzaileak parte-hartzaile aktiboak bilakatu direla da», adierazi zuen Dominique Burucoak, Baionako Antzoki Nazionaleko zuzendariak.

Beste tandem berezi horietako baten arabera, maiatzaren 16an «piknik animatua» izango da, Santa Gurutze Garaiko parkera bakoitzak bere janaria eramatera gonbidatuz. Bertan "Double dutch" ikuskizuna eskainiko dute: bi sokaren artean saltoka, emanaldi harrigarria da Saint Oueneko Double Mascot Crewko taldekideek dakartena.

Herritarrengana iristeko beren egunerokotasunera hurbiltzeko asmoari erantzunez, zenbait jarduera eta ikuskizun plazaratzeko kokagune bereziak hautatu dituzte antolatzaileek. Horrela Mai... Photos ekimenaren barruan, argazki ikastaro bateko ikasleek egindako argazkirik hoberenak bilduz erakusketa paratuko da Baiona-Angelu-Biarritz elkargo zeharkatzen duten STABeko autobusetan.

Baiona, Angelu eta Bokaleko merkatuetan ere zenbait musika ekitaldi izango dira. Besteren artean Bostgehio taldeko neskek abesbatzetako kantuen moldaketa bereziak egingo dituzte Baionako merkatuan, maiatzaren 22an. Jaialdiak antolatzen duen musika lehiaketako irabazleak izan ziren 2007an bost abeslari euskaldunak.

Hiriko tokiekin batera, landa itxura hartzen duen Mousserolleseko zelaian ere izango da zer egin. Antzerki emanaldi berezi eta harrigarria izango da maiatzaren 3an eta 4an. Anton Txekhoven obran oinarritua "Oncle Vania à la campagne" lana antzeztuko du Théâtre de l'Unité konpainiak.

Garrantzia hartuz doazen lehiaketak

Hiru lehiaketa oso ezberdin izaten dira Maimorables jaialdiarekin batera. Oihartzun handiena hartzen duena «hip-hop lehia» da. Kaletartasunaren adierazpide ezagun honen norgehiagoka egingo dute zazpigarren aldiz, eta antolatzaileek nabarmendu dute parte-hartzaileen maila etengabe gora egiten ari dela. Hamabost taldek eman dute izena, baina sei besterik ez dituzte hautatu. Tartean emakume talde bat ere izango da. Lehiakideez gain Baiona inguruko lau hip-hop eskoletako gazteak arituko dira, atsedenaldietan giroa berotzen.

Bigarrenik, musika lehiaketaren bosgarren edizioa ere egingo da. Bidasoaz bestaldeko taldeek ere parte har dezakete aurten lehen aldiz, eta Hego Euskal Herriko taldeek hartu dute gaina, izan ere, maiatzaren 27an izango den finalean arituko diren hiru taldeetatik bi Gipuzkoa aldekoak dira.

Eta hirugarrenik, argazkilaritza lehiaketa ere izango da. Maratoi itxuran antolatuta, argazkilari amateurrek bost ordu izango dituzte antolatzaileek emandako bost hitzekin zerikusia duten argazkiak egiteko. I. E.

EGUNEROKOTASUNA

Jaialdia herritarren eguneroko bizitzan txertatu nahian, antolatzaileen ekimenez abiaturiko argazki ikastaro batean egindako lanik onenak Baiona, Angelu eta Biarritzen dabiltzan autobusetan paratuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo