GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Jai herrikoiak bultzatuz»

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa

Udara ate joka dugula herri askotan hasiak dira festak antolatzen eta hauetan ezinbestekoa da herri mugimenduen inplikazioa.

Behin eta berriro salatu izan dugu herritarren parte-hartze hori sistematikoki oztopatzeko hainbat agintarien saiakera. Iragan udaran, presoen argazkien aferarekin aitzakia ederra aurkitu zuten batzuek herri mugimenduen aurkako erasoan urrats berriak prestatzeko. Komunikabideetan Jokin Bildarratz (Eudel) eta Rodolfo Ares (Barne Saila) jauntxoen arteko besarkada ikusi ahal izan genuen eta besarkada horren emaitzak sufritzen hasiak gara dagoeneko. «Herriko jaietan eta bestelako ospakizunetan jartzen diren txosnen adjudikazio eta funtzionamenduari buruzko ordenantza proposamena» izenarekin, txosnak «arautzeko» ordenantza proposamena iritsi zaie udal agintariei. Euren hitzetan hauxe da xedea: «...txosnen adjudikazioa eta funtzionamendua arautzeaz gain, Biktimei buruzko ...legearen 4b artikuluan jasotzen dena betetzea».

Guda tresna honen lehen partean txosnak bete behar dituzten baldintzak zehazten dira (ezaugarri orokorrak, eskaerak eta baimenak, segurtasun, higiene eta osasun baldintzak eta abar). Horietako asko dagoeneko herri gehienetan betetzen dira.

Bigarren partean, berriz, «Erregimen zigortzailea» deiturikoa dator; hau da, ordenantza ez betetzeagatik ezarriko liratekeen isun eta zigorrak (zazpi orrialdeetatik hiru). Arau-hauste oso larrien artean «...terrorismoa babesten duten horma-irudiak edota sinboloak erabiltzea...» aurki dezakegu. Zehaztasun gehiagorik gabe. Deigarria egin zaigu, era berean, arautegi osoan ez dela txosnak antolatzen dituzten herri mugimenduekin ezer hitz egin edo adosteko aipamenik egiten (arautegia egiteko garaian ere ez dut uste eurekin hitz egin denik). Erabaki guztiak udal agintariek hartzen dituzte eta horiek bete ezean isun gogorrak datoz. Era berean, «kautelazko neurriak» deiturikoak ere aurreikusten dira; hau da, «udal agintariek egokitzat jo ditzaketen kautelazko neurriak hartu ahal izango dituzte», ekimenak «...eragingo lituzkeen kalteak saihesteko». Arautegia irakurrita txosnak antolatzen dituzten herri mugimenduak zezen basati odoltsuen antzera irudikatzen ditut, sokaz estuki lotu eta agintariek nahi duten bidetik atera ez daitezen pintxoa duen makilaz ziztatu behar direnak. Eskerrak, horrelako demokrazia erakustaldien aurrean herri mugimendu basati horiek elkartzen hasiak diren, eta «Jai Herrikoiak Bultzatuz» manifestuaren harira gogoeta prozesua hasi, antolatu eta neurriak hartzeko prest daudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo