GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitziber Martinez de Lagos Sortzen-Ikasbatuaz-eko koordinatzaile nagusia

Inposizio gehiagorik ez!

Ikasleari bitartekoak eskaini behar zaizkio hausnartzeko gaitasuna izateko, aztertzeko, eta kritikotasunez iritzi propio bat eraikitzeko

Eusko Jaurlaritzak aurreko Eusko Jaurlaritzaren Bakearen eta Giza Eskubideen Aldeko Hezkuntzako Euskal Plana (2008-2011) moldatu du, eta hainbat aldaketa esanguratsu egin dizkio. Aldaketa horiek guztiak Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikoa (2010-2011) planean txertatu dituzte.

Isabel Celaak proiektu berri hau, azkenaldian aurkeztu dituen dekretu eta kontu ezberdinak bezala, soilik PSOE-PP paktuaren barruan adostu du. Berriro ere, hezkuntzako eragile nagusiak kanpoan utzita; sindikatu abertzaleei ezer azaldu gabe eta herritarren borondatearen aurka. Sortzen-Ikasbatuazek, oraingoan ere, informazioa komunikabideetatik eskuratu du.

Celaak doktrinamendua erabiltzea leporatu digu hezkuntzan gabiltzanoi. Eta zer da orain egin nahi dutena, ba? «Euskal Herria» terminoarekin izan dugu adibidea, «Euskal Herria» hitza desagerrarazi edo agertzen denetan esanahiz hustu nahi dute. Nortasuna eta identitatearen eta euskal kulturaren kontra datorren beste eraso bat da. Euskal Herrian, unean uneko gobernuek eskolaren historian etengabe garatu izan duten eraso eta deskulturizazioa, hain zuzen.

Orain bai, orain hezkuntzari frankismo garaiko helburu bera egotzi nahi diote: funtzio doktrinatzailea. Herritik sortua eta herriarentzat izan behar duen hezkuntza prozesua estatu ideologia eta logika ezartzeko baliatzen dute, hezkuntzaren berezko funtzio hezitzaile nahiz askatzaileak alboratuz.

Dauden gatazka ezberdinek hezkuntza eta eskola eremuan ere lekua izan behar dutelako iritzikoak gara gu. Euskal kulturan integratuta egon behar dute, gure jendartearen errealitatean txertatuak, eta hurbileneko ingurunean eragitea, bertatik jasoz eta emanez, harreman estuan.

Azken finean, herriaren errealitatea eskolan islatu beharrekoa da. Eta errealitate bat da herri honek gatazka bat pairatzen duela. Baina biktimak mota askotarikoak dira. Gerra garaitik desagertuta jarraitzen dutenak, fusilatu zituztenak, kartzelan eta erbestean daudenak, torturatuak eta alde ezberdinetako desagertu eta eraildakoak, langabeak, lan istripuak izan dituztenak, tratu txarrak eta sexu indarkeria jasan dituztenak, emakume erailak, baztertuta bizi direnak, hil bukaerara heldu ezinean dabiltzan familiak, bizitza eraiki ezinean dabiltzan gazteak... Eta errealitate hori sufritu izan dutenen eta gaur egun ere pairatzen ari diren seme-alabak ditugu gure ikasgeletan. Ezin dakioke inori bere sufrimendua edo biktima sentimendua ukatu.

Beraz, zein da irakatsiko duten errealitate hori? Mota bateko biktimak besterik ez al daude? Egia bakar eta ofiziala? Eta, ze irizpideren araberakoa izango da? Hezkuntza Sailak zehaztuko du zein den herri honetan biktima? Errespetatuko dute ikasgeletan dagoen aniztasun hori? Euren bizitzan gertu pairatu eta pairatzen dabiltzan errealitate gordin hori? Ikasleei alderdi bakar bat erakustea, errealitatea desitxuratzeaz gain, pedagogikoki okerra da.

Euskal Herriak gatazka bat sufritzen duela agerikoa da eta hala irakatsi behar da eskoletan ere, hurbileko errealitatea ezagutaraztea garrantzitsua baita. Baina diskurtso ofizial bakarra erakutsi eta ezarriz, errealitate osoa ezkutatuz, biktima batzuk bakarrik agertuz eta errekonozituz eta besteak ezkutatu eta mespretxatuz, jendartearen kohesioa lortu ordez, zatikatzea eta gorrotoa sortzea ekar dezake. Elkarrizketa sustatu eta denen ikuspuntuak entzunak izan behar dira.

Ikasleari bitartekoak eskaini behar zaizkio hausnartzeko gaitasuna izateko, aztertzeko, eta kritikotasunez iritzi propio bat eraikitzeko. Gaur egungo eskoletan ikasleak etorkizunerako pertsona aske eta kritiko gisa hezi behar ditugu. Norberaren originaltasuna eta indibidualtasuna sustatuz, autoezagutza bultzatuz, bakoitza «nor» izanez, bere buruarekin zuhur jokatuz, aukerak eginez eta erabakiak hartuz bizitzeko gai izan dadin.

Ezinbestekoa da hezkuntzak aniztasuna kontuan izatea, neska-mutilak «nor» izan daitezen, beren kabuz jokatzen ikas dezaten, pertsona aske, kritiko eta autonomoak izatea bultzatzea, inolako (sexu, arraza, itxura fisikoa, maila soziala, ezaugarri psikikoei... dagokien) diskriminaziorik gabeko harreman markoa sortuz. Eskola-komunitatearen barnean nahiz komunitate horretatik kanpo elkartasuna bultzatuz.

Aski da! Inposizioen aurrean ez gara besoak gurutzaturik geratuko. Inoiz baino beharrezkoagoa dugu euskal hezkuntzaren alde saretu eta batera lan egitea. Horregatik, euskal eskola publiko berria sortzeko bidean gurekin lan egitera animatzen dugu hezkuntza komunitate osoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo