GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzari babesa ematera dei egin diete agintari politiko guztiei Baionan

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat auzapez eta hautetsik agerraldia egin zuten atzo Baionan, Udalbiltzari sostengua emateko, eta lekuko agintari politikoei atxikimendu hori adieraz dezaten dei egin zieten. Xarlo Etxezaharreta auzipetuetakoa zegoen bertan.

p012_f02_199x108.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Zazpi urte bete dira Udalbiltza legez kanporatu zutenetik. Gertakizuna eta erakunde horren zeregina gogoratzeko, agerraldia egin zuten atzo bost hautetsi eta auzapezek Baionan, garai hartan Hazparneko hautetsi abertzalea zen Xarlo Etxezaharretarekin batera.

Azken hori, Euskal Herriko beste hogeita bat hautetsi, auzapez eta langileen gisara, auzipetu egin zuten, eta, zazpi urte daramatza epaiketa noiz hasiko zain.

Horrela, atzoko agerraldian, Battitta Amestoi, Lutxi Orxandabaratz, Ruben Gomez, Maite Etxeberri Ozaze eta Terexa Halsouet kargudun publikoek auzipetuei elkartasuna adierazi zieten eta gainerako auzapez eta hautetsi guztiei adierazpen bera egin dezaten dei egin zieten.

«Europa mailan Udalbiltzaren auzia salbuespen egoera batean kokatu behar da. Bere buruaren jabe izan nahi duen herri bati eraso egin nahi zaio Udalbiltzarekin, horrek Estatu frantseseko eta espainoleko agintariak beldurtzen ditu», nabarmendu zuen Lutxi Orxandabaratzek.

1999. urtean sortu zenetik Udalbiltzak egindako ekimenak zehaztu zituzten hautetsiek, hala nola Zuberoaren garapenerako diru bilketa, Uda Leku, Seaska, Arrapitz elkarteak lagundu, eta euskal curriculumaren inguruko eztabaida abiatu zituen.

«Egina izan den lan hori guztia terrorismotzat emana izan da. Udalbiltzak jasandako erasoa onartezina da. Auziaren zain daudenen artean herriak hauteskundeetan hautaturiko auzapez eta hautetsiak daude», salatu zuen Uztaritzeko hautetsi Battitta Amestoik. Etxezaharretak, azkenik, hogeita bi auzipetuen aurka ez dagoela «inongo deliturik» idatzirik gogoratu zuen. «Egunkaria»ren auzia gogora ekarri zuten auzi horren funtsik eza salatzeko.

Hego Euskal Herriko hainbat herritan ere elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean Udalbiltza auziaren aurka, guztira 1.500 lagun bilduz. Lazkaon, Iruñean, Ondarroan eta Bilbon egindako mobilizazioetan 100 lagun batu ziren, esaterako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo