GARA > Idatzia > Ekonomia

«Urdaibairen aldeko aldarrikapena» eta lan ildoa aurkeztu dituzte Busturian

GARA

Guggenheim museoaren bigarren egoitza bat Busturialdean eraikitzeko proiektuaren harira, Busturialdean Lan eta Bizi ekimena osatzen duten eragileek agerraldia egin zuten atzo Busturiako Madariaga Dorretxearen ondoan, «Urdaibairen aldeko aldarrikapena» aurkeztu, eta datozen asteetan abiatuko duten lan ildoaren berri emateko.

Besteren artean, duela hilabete Patxi Lopez lehendakariari eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari batzar bat egiteko eskatzeko gutun bana igorri zietela azaldu zuten, bertan beren hausnarketak eta proposamenak ezagutarazteko, baina, adierazi zutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso.

Hala ere, oraindik erantzuna jasoko dutelakoan daudela argitu zuten.

Hausnarketa abiatu

Instituzioen berri izan bitartean, herri ekimenak eskualdeko talde guztiekin harremanak abiatzeko asmoa du, ez bakarrik atxikimenduak jasotzeko, baita administrazioak egin ez duen ahalegina egiteko ere. Izan ere, eskualdeko herri guztietan hausnarketa abiatu eta eztabaida piztu nahi dute, Busturialdeko egoera ekonomikoaren aurrean proposatu den makroproiektu honen ingurukoak eta egokien ikusten dituzten irtenbideak azaltzeko aukera izan dezaten.

Horrez gain, oraindik egunik zehaztu ez badute ere, Lan eta Bizik Urdaibain jai egun bat antolatuko duela iragarri du, milioika euroko inbertsioa behar duen makroproiektu bakar baten aldeko apustua egin beharrean, sektore guztien garapena aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo