GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

«Gure gezur, gure egi, gureegi»

Ez naiz askapen gatazkaz ari. Euskal Herriaz ari naiz solasean, hitzekin jolasean, ohatzean esan ezin dena handik kanpo pentsatzea debekaturik egon arren

Gure gezur propioak sinetsi ditugula besteen gezurrekin aspertuta» entzun dut gaur, berriro ere, Berri Txarrak-en abestian. Esnatu garela sinetsarazten digutenean ametsek amets izateari uzten diotela pentsatu dut nik. Beste guztiak aspaldi zeuden lekura abiatu izana garaipen seinale omen dugun honetan, zer den egia eta zer den ametsa, zer den gezurra eta zer esnaturik egotea bereiztea ezinezkoa zaio gehiengoari. Askorentzat ukaezina dena sinestezina da gutti batzuentzat; eta gutti horiek etengabe ukatuak dira, hitz egiteko eskubidea bera ere ukatzen zaie, ukaezina dena ukaezina delako.

Eta ez naiz askapen gatazkaz ari. Euskal Herriaz ari naiz solasean, hitzekin jolasean, ohatzean esan ezin dena handik kanpo pentsatzea debekaturik egon arren.

Ez ditut maite lotan nagoeneko ametsak, esnatzen naizenean amets izaten jarraituko ote duten beldur bainaiz, ametsak errealitatean disolbatuko zaizkidan beldur. Ez dut maite errealitatea esna nagoenean, amesten dudanarekin talka egiten duelako egunez egun. Ez dut egia maite aurrekoaren hitza gezurtatzeko denean egia; ez dut gezurra maite aurrekoaren gezurra egiaztatzeko denean gezur. Ez dut nahi atzo gezurra zen egiarik; ez dut nahi bihar gezur izango denik ere, nahiago ditut atzo gaur eta bihar egia izango diren egiak.

Eta ez naiz askapen gatazkaz ari. Euskal Herriaz ari naiz solasean, hitzekin jolasean, ohatzean esan ezin dena handik kanpo pentsatzea debekaturik egon arren.

Iritziak besterik eduki ez eta gure burua arrazoiaren jabetzat daukagunok nekez egingo diogu on egiari. Eztabaidaren baratza, arrazoia horretan datza. Mingain dantza, zalantza, baieztapenak eta ukazioak alderatuko dituen balantza, orekaren fereka -tarteka- lagungarri zaigu eta.

Pentsatzen eta sentitzen dugunaren artean amildegi erraldoia, sarritan gaindiezina dago. Nor garen eta nor izan nahi genukeen ez dugu bereizten edo, okerragoa dena, ez dugu batere argi nor garen eta nor izan nahi genukeen. Normala izatea da gaur egun baldintza, nor izatea gaixotasun mentaltzat hartzen den garai ustel honetan. Besteen begietan aurkitzen dugu gure egia, begira dagoena bailitzan epailea, begira ditugun guztiak bailiran polizia. Norbera da errealitateen sortzailea, norberak epaitzen du bere burua ingurukoen iritzia baliatuz eta ingurukoak epaile zein polizia bilakatuz. Horrela bihurtzen dugu geure burua normala, besteek gugan bilatzen dutela uste dugun haren jokamoldeak asmatuz eta gure eginez. Garena izatearen lotsaz eta beldurrez, inork izan nahi ez baina guztiok garen gezurretako egiak sortuz.

Eta ez naiz askapen gatazkaz ari. Euskal Herriaz ari naiz solasean, hitzekin jolasean, ohatzean esan ezin dena handik kanpo pentsatzea debekaturik egon arren.

Gure gezur propioak sinetsi ditugula besteen gezurrekin aspertuta/ lider bat behar dugula dio liderra izan nahi duenak. Eta ez naiz askapen gatazkaz ari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo