GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Romandiako Tourra

Bizkorra bezain umemokoa dela erakutsi du Cavendishek

Alan Perez eguneko ihesaldian sartu zen. Erlojupekoa izango da gaur, Moudonen hasi eta amaituko dena. Asturiasen, etapa eta lidergoa Viciosorentzat.

Arnaitz GORRITI

Columbia taldeko Mark Cavendishentzat izan zen Romandiako Tourreko bigarren etapa. Britainiarrak bere taldeak esprinta prestatzen egindako lana ezin hobeto biribildu zuen, erraz asko hartu baitzituen mendean arerioak. Erakutsi zuen halaber umemoko bat dela, halakoxe jarrera izan zuen bederen helmugan egindako keinuarekin. Sasoi hasierako frustrazioa uxatzeko egin ei zuen, etapa amaieran azaldu zuenez.

Dena dela, Friburg-en hasi eta amaitu zen etapan laukote baten ihesaldia izan zen nabarmentzekoa: Euskaltel-Euskadiko Alan Perez nafarra, eta Mikhail Ignatiev (Katusha), Denis Van Winden (Rabobank) eta Chad Beyer (BMC) bidelagun. Laukoteak 30 kilometroren faltan, harrapatu arte iraun zuen, Peter Sagan liderraren Liquigasen eta gainontzeko taldeen lanak zapuztu ostean. Azkenean, Cavendishek nagusitasun osoz irabazi zuen, Danilo Hondo eta Robert Hunterren aurretik. Lehenengo euskalduna Koldo Fernandez de Larrea izan zen, seigarren.

Saganek ziurrenik erantzi egin beharko du liderraren elastikoa gaurko etaparen ostean. Moudonen hasi eta bukatuko den 23,4 kilometroko erlojupekoa egingo dute.

Viciosorentzat etapa eta lidergoa

Asturiasko Itzulian, berriz, Andalucia Cajasur taldeko Angel Vicioso izan zen protagonista. Espainiarrak irabazi egin zuen bigarren etapa, eta lidergoa ere bereganatu zuen.

Leipheimer lider Gilan

Mellow Johnny's taldeko Levi Leipheimerrek irabazi zuen Gilako Itzuliko aurreneko etapa. Danielson eta Grajales izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Lance Armstrog minutu eta 46 segundora helmugaratu zen, 22. postuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo