GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Apirilaren azkenean...

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Hostoa haritz gainean» esaera zaharrak dioen moduan, hostoak izan beharrean, bonbadun hegazkinak izan ziren duela hirurogeita hamahiru urte Gernika herriaren gainean. Sekulako triskantza izan zen eta Pablo Picassok maiatzaren 11n hasi eta ekainaren 4an amaituriko 349 x 776 dimentsioetako koadroan nabarmen agertzen den bezala, aldarrikapen min oihu ikaragarri bat jaurti zen egun hartan mundu osora. Eta egun hartaz mintzatzen zaigu aurreko urteko uztailean estreinaturiko Aukeran dantza taldearen «Gernika» ikuskizuna. 1937. urtean Gernikako bonbardaketaren ondorioz hil ziren guztiak heriotzatik itzuli eta euren ahotik eta gorputzetik azaltzen digute aurreko bizitza eta baita bonbardaketa egunean bizitako infernu hura ere. Dantza garaikidea eta tradizionala uztartzen dituen ikuskizun honek egun hartan bizitako esperientzia ikaragarri hura tunel ilun baten moduan azalduko digu azken bi eszenetan tunelaren amaierako argia agertu eta koreografia eder baten bidez itxaropenez beteriko gero bat azalduko digun arte.

Itxaropen eta aldarrikapenaz mintzatu zaigu gaur amaituko den Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia ere. Gizateriaren erronka eta gabezien inguruan ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala eskaintzen duen zinemaldi honetan pelikula eta dokumental interesgarri asko ikusteko aukera izan dugu eta baita Jon Garañok eta Josemari Goenagak idatzi eta zuzenduriko «80 egunean» euskarazko euren lehen filmaren estreinaldia ere. Iragana memorian gorde eta noan gerora itxaropena besapean harturik, hilaren 3an Arte Eszenikoen Max sariak banatuko baitira Madrilen. Hiru dira Joan Brossa-ren sagarra jasotzerik izango duten hautagaiak: «La casa de Bernarda Alba», «Mort d´un viatjant» eta «Urtain». Antzezlanik onenaren artean talde euskaldunik ez bada ere, errebelazio sarian bi dira sagarra eskuratu dezaketen hautagaiak: Gayarre antzokiak ekoizturiko «Casa de muñecas» eta Vaiven taldearen «El club de las mujeres invisibles». Eta euskarazko testurik onenari dagokionez, honako hauek dira aurtengo hautagaiak: Aizpea Goenaga «Arrain ontzia» lanagatik, Maite Agirre eta Garbi Losada «Putzuak lehortzen»-engatik eta Patxo Telleria «Euskarazetamol»-engatik.

Sagarrari horzka nork egingo dion jakiterik izan aurretik, noan antzerkiaren itxaropena diren gazteengana. Izan ere, maiatzaren 5ean Gazteen Antzerki Topaketaren hogeigarren edizioa hasiko baita. Hilaren amaiera arte gure gaztetxoek profesionalen pare lanean aritzeko aukera izango dute Donostiako hainbat antzokitan. Eta eguraldi epela dela-eta antzokietara sartu nahi ez duenak ere izango du bere aukera, hilaren 7an emango baitzaio hasiera Poltsiko Antzerkiaren 18. edizioari. Aurten formatu txikiko hamalau ikuskizun izango dira, aurreko urtean baino bost gehiago eta horietako bost euskaraz izango dira, hala nola «Aulki Hutsa», «Nik egin behar & co», «Erregea eta Bufoia» eta «Munduari partxeak jartzen». Eta apirileko azken egun hau itxaropentsu amaitzeko, ezin ahaztu, La Fura dels Baus taldearen «Degustación de Titus Andronicus» eta Cirque du Soleil-en «Saltimbanco» ikuskizunak bertan dauzkagula gure sabelak eta gorputzak asetzeko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo