GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

50 ikuskizun izango dira «amets, ilusio eta pasioz beteriko» Leioako XI. Umore Azokan

Maiatzaren 20 eta 23 bitartean ospatuko da aurtengo Leioako Umore Azoka. Kaleko artearen alor ezberdinak jorratzen dituzten artistak izango dira bertan eta 50 ikuskizunetatik hogei estreinaldiak izango dira.

p048_f01_96x84.jpg

GARA | LEIOA

Antzerkia, dantza, musika, txotxongiloak, zirkua... guztientzako hitzordua da hamaikagarren edizioa ospatuko duen Leioako Umore Azoka. «Kaleko artearen alor ezberdinak jorratzen dituzten artistek sortutako azken berritasunekin gozatzeko aukera» izango da bertan.

Antolatzaileek azaldu zutenez, «hamaikagarren edizio honetan Umore Azoka-Leioako Kaleko Artisten Azokak Euskal Herriko zein mundu osotik etorritako artistei euren azken sorkuntzak publiko arruntari zein profesionalei ezagutzeko aukera eskainiko die».

Guztira, Euskal Herriko hamar konpainiak, Estatu espainoleko 26k eta nazioarteko beste hamahiruk hartuko dute parte aurtengo egitarauan. Antolatzaileek 425 ikuskizun-proposamen jaso dituzte eta horietatik 50 aukeratu dituzte, 49 konpainia ezberdinek egingo dituztenak, hain zuzen.

Hemeretzi obraren erabateko estreinaldiak hartuko ditu Azokak eta beste sei, berriz, Estatu espainolean lehenbizikoz ikusiko dira. Gainera, Umore Azokak horietako lauren ekoizpenean lagundu du.

«Leioak, lau egunez, antzerkiarekin batera bizitzeko aukera paregabea eskaintzen du. Harremanak sortzeko, ideiak trukatzeko, lanak erakusteko eta emanaldiak kontratatzeko aukera, antzerkia egunaren hogeita lau orduetan bizi ahal izateko foroa», azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo