GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrena ospatuko da maiatzean Zizurkilen

Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren heriotzaren mendeurrena beteko da maiatzaren 7an. Egun berean herriko seme kutun izendatuko dute eta bertso saio esperimentala izango da hilaren 15ean.

p050_f01_096x096.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Pello Mari Otaño Barriola Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen 1857an eta 1910ean zendu zen, Rosarion, Argentinan. Bertso paperengatik da batez ere ezaguna (ez zuen jendaurrean kantatzen eztarriko arazoak zituelako), baina poesia ere landu zuen, hala nola «Alkar olerki onenak. Datorren maiatzaren 7an bertsolari zizurkildarraren heriotzaren mendeurrena beteko da eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Zizurkilgo Udalak, guztiak bertsolaritzarekin lotuak.

Mendeurrena beteko den egunean bertan, Pello Mari Otaño Zizurkilgo seme kuttun izendatuko dutela azaldu zuen atzo Maria Angeles Lazkano alkateak Donostian egindako agerraldian. Harekin batera izan ziren Joxin Azkue, Hernandorena Kultur Taldeko kidea eta Eñaut Agirre, Xabier Amuriza eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariak.

Peñagarikanok berak aitortu zuen lehenengo aldiz hogei urterekin maitemindu zela, baina Otañoren obraz sentitu zuela maitemina. «Soldaduskan nengoen Badajozen eta Otañoren liburu bat eraman nuen hara. Etxetik urrun, Otañok berak Euskal Herriari buruz eta herriminari buruz idatzitakoak barne-barnean sentitu nituen», azaldu zuen.

Bertsolari zizurkildarrari eskainitako egitaraua maiatzeko hainbat asteburutara zabaldu dute antolatzaileek. Horrela, Peñagarikanok eta Amurizak bertso saio berezia gidatuko dute maiatzaren 15ean. Bertso Egunean Oteizarekin egin bezala, oraingoan Otaño izango dute hizpide saio esperimental horretan. Amets Arzalluz, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Unai Iturriaga eta Jon Maia ariko dira lanean. Horrez gain, hitzaldi bat (maiatzak 12) eta mendi irteera bat (maiatzak 9) antolatu dituzte, besteren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo