GARA > Idatzia > Ekonomia

«Egindako xinaurri lanak eman digu, batez ere, zilegitasuna»

p024_f01_148x120.jpg

Pantxin Duhart, Geronimo Prieto
Ipar Euskal Herriko LAB-en sortzaileak

Hamar urte igaro dira 80 bat militante abertzalek Ipar Euskal Herrian LAB eratzea deliberatu zutenetik. Oztopoak oztopo eta sindikatu frantses batzuen ezinikusien gainetik, bere lekua egitea lortu du. Egun, 500 afiliatu ditu. 2008ko Prud'Hommes bozetan 3.000 boto eta 4 kontseilari erdietsi zituen.

Arantxa MANTEROLA

Hasierako gorabeherak, egungo egoera eta etorkizunerako erronkak azaldu dituzte sindikatu abertzaleko bi ordezkariek.

Zerk bultzatu zintuzten duela hamar urte Ipar Euskal Herrian LAB sortzera?

Geronimo Prieto: Aldez aurretik hainbat saiakera izan ziren mugimendu abertzaleen aldetik eremu sozialean esku hartze bat izateko, Atxik kolektiboa edota Euskal Herriko Langileen Elkartea (EHLE), esaterako. Ekarpen interesgarriak egin zituzten arren, hainbat arazo medio, ez ziren heldu sindikatu bat gorpuztera. Alta, duela 10 urte borroka abertzalea antolatzeko premian, kulturan, hizkuntzan edota politikan bezala, alor sozialean ere erakunde bat behar zela agerikoa zen, eta zenbait militantek proiektu abertzalearen baitan arazo sozialari ere heldu behar zitzaiola uste genuen. Horren inguruan gogoeta saio bat egin ondoren, zerbait eratu beharra zegoela erabaki genuen eta, ostean, zerbait horri nolako forma eman eztabaidatzeari ekin genion.

Eztabaida horretan sindikatua eratzea erabaki zenuten, beraz.

Pantxin Duhart: Nagusiki hiru aukera azaleratu ziren eztabaidan: Ipar Euskal Herrirako egitura berezia sortzea, Estatu frantseseko sindikaturen batean integratzea edo Hego Euskal Herriko sindikatu bati lotzea. Urte beteko hausnarketa eta hainbat bilkura publiko egin ondoren, finean LAB-i eskatzea deliberatu zen. Negoziazio eta trukerako fase baten ostean, LABek proposamena onartu zuen.

Zergatik baztertu zenuten sindikatu frantsesen aukera?

P.D.: Guretzat argi zen tokiko arazoei erantzuteko ez zirela baliagarriak. Saiakera batzuk eginak ziren jada. Abertzale batzuk sartu ziren sindikatu frantsesetan baina, alde batetik, ez zieten gure arazoei erantzuten eta, bestetik, ez genuen bat egiten sindikatu horien filosofiarekin.

Orain artean harremanak ez dira oso onak izan gehienekin. LABen sorrera bera ez zuten ondo hartu, ezta?

P.D.: Ez zuten batere ondo hartu. Eremu sindikala gehiago nahasiko genuela, azken finean alderdi politiko baten adarra ginela eta ez sindikatu bat... Horrelakoak esaten zituzten. Guretzat argi zegoen baztertu nahi gintuztela eta gerora ere batzuk horrela segitu dute. Baina, halere, aldaketa nabarmen bat gertatu da urte hauetan, sindikatu horietako oinarriko jendea jabetu baita gure eginkizunaz eta gurekin elkarlanean aritzeko prest da.

G.P.: Gu sortu ginen garaian mapa sindikala txikiagoa zen. Geroztik beste sindikatu batzuk sortu dira (Solidaires, adibidez) eta haien kontra ere agertu dira, ez, gure kasuan bezala, abertzaletasunaren `mamua' erabiliz, baina bai beste mamu batzuk.

Mamu horien erabilpenak badu ondoriorik?

G.P.: Jakina. Euskal Herrian dialektika horiekin jolasteak baditu ondorioak. Nire ustez, arduragabekeria horretan, batez ere CGT da nagusi. Hastapenean aldebikoak eskatu genizkien sindikatu guztiei, zer ginen, gure helburuak eta abar aurkezteko, baina hauek berdin jarraitzen dute. Adibidez, hamar urteotan izan diren bi bake-prozesuetan eragile sozial batzuk inplikatu dira begirale gisa, nahiz eta gure filosofia sindikal bera ez izan. Beste batzuek, aldiz, (CGT kasu) beti dialektika berari eutsi diote: `zuek terroristak edo alderdi bat zarete...' esanez. `Demokrazia' hitz potoloa erabili ohi dute, baina ez dugu beren sudurra ere ikusi prozesu horiek sortutakoan, suari gasolina botatzeko ez bada. Jokabide arduragabea dute eta horretaz ere jabetu dira bere oinarriko militanteak.

Prud'Hommes lan-aferetako kontseilurako bozek zilegitasuna eman diote LABi?

P.D.: 2002n lehenbizikoz aurkeztu eta kontseilari bat erdiesteak legitimitatea eman zigun eta 2008an lau lortu genituelarik, are gehiago. Baina gure sinesgarritasuna eguneroko lanetik, tokian tokiko egiten dugun xinaurri lan horretatik emendatu da, batez ere. Izan diren mobilizazioetan presente izan gara beti, nahiz eta beste sindikatuek baztertu eta zokoratu gaituzten. Eta horretaz ohartu da jendea. Adibide gisa, hasieran gure eskuorriak irakurri gabe botatzen zituzten gehienetan eta orain gero eta jende gehiago hurbiltzen da jasotzera.

Batzuen gustukoa ez izan arren, sindikatuen munduan LAB finkatua eta onartua dagoela esango zenukete?

G.P.: Bai, batez ere sektore pribatuan. Zerbitzu publikoan eta enpresa handietan estatuko sindikatu handiek beren feudoak dituzte, baina, sindikalismoaren zoritxarrerako, zaila dute beste sektoreetara hedatzea. Gure hautu estrategikoa izan zen beste inor ez zegoen tokietara joatea eta, batik bat, sektore pribatura. Gaur egun sindikalista zintzoek aitortzen diote lan hori LABi eta, xumeki bada ere, zubi batzuk egitea lortu dugu.

Egoera ekonomikoa asko aldatu al da hamar urteotan Ipar Euskal Herrian?

Globalizazioak eta Estatu frantsesean administrazioan izandako berrantolaketak eragin du hemen ere, jakina. Esaterako, funtzionarioei eta enpresa txikiei kalte egin die. LAB sortu genuelarik, multinazional bat edo beste bazen (Sony...). Egun, zerbitzuak eta merkataritza mantentzen dira, baina produkzioaren sektorean ez da aitzinatzen, nahiz eta enpresa berri batzuk ireki diren, Arberatzen, kasu.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?

P.D.: Lan eta frente asko bada eta gure xinaurri lana egiten segitzeko prest gaude. Prekarietatea handitzen ari da eta horri aurre egiteko tresnak asmatu behar dira beste gizarte eragile batzuekin elkarlanean. Adibidez, hemen Oldartu kolektiboaren baitan lanean ari gara eta beste sindikatu batzuekin harremanak sendotzen segituko dugu, batik bat, estaturik gabeko sindikatuekin (korsikarrak, martinikarrak...)

G.P.: Europan gertatzen denari so eginez egoera aztertzen badugu, ez gara kexu. Begi-bistakoa da sindikalgintzan harrera ona izaten ari diren erakundeak beren lurraldeari atxikita direnak direla (Eskozia, Katalunia, Galizia, Martinika...). Zure kulturari, zure lurraldeari atxikita jardutea, harreman sozio-ekonomikoak garatzeko era edo eredu berri bat da. Nolanahi ere, badugu beste erronka bat eta hori eremu abertzaleari begirakoa da. Alderdi politikoen joera eta gorabeheren gainetik, alor soziala proiektu abertzalearen zutabe garrantzitsua da eta horretaz konbentzitu behar ditugu hemengo abertzaleak, hori ez baitago erabat barneratua oraindik.

 

eredu berria

«Sindikalgintzan egun harrera ona duten erakundeak beren kultura eta lurrari atxikirik daudenak dira. Harreman sozio-ekonomikoak garatzeko eredu berri bat da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo